Osakidetzan arretea euskeraz jasotea aukeratu dabe ia 134.000 lagunek
2017-03-08 09:01 Euskerea berbagaiOsasun arretarako lehentasunezko hizkuntzearen inguruko kanpainea egin dau Osakidetzak. Gero eta zerbitzu gehiago euskeraz emoten dirala ziurtatu dau sailburuak.
Lagundu egiguzu hobetzen: aukeratu zure hizkuntzea! lelopean, kanpainea egin dau Osakidetzak. Herritarrei galdetu deutse osasun zerbitzuak erabiltzeko orduan lehentasunezko hizkuntzea zein izatea nahi daben. Erantzun dabenen artean, ia 134.000 lagunek euskerea aukeratu dabe eta, beraz, eurei arreta guztia euskeraz emoteko ahalegina egingo dau Osakidetzak.
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin dau Legebiltzarreko Osasun Batzordean eta bertan emon dau datua. Osakidetzan Euskerea Normalizetako 2013-2019rako II. Plana zer moduz doan azaldu dau. Darponek adierazo dauenez, Osakidetzak gero eta zerbitzu gehiago emoten ditu euskeraz.
Beharginen artean be gero eta euskaldun gehiago dagozala azaldu dau sailburuak. 2006an, Osakidetzako 2.000 langilek, hau da, lantaldearen % 11k, hizkuntza eskakizuna egiaztatuta eukien. Gaur egun (2016ko datuak dira barrienak), ia-ia 9.000 beharginek daukie hizkuntza eskakizuna, lantaldearen herenak.
Igaz, beharginen % 10 lehenengoz hasi ziran euskerazko ikastaroetan. Ganera, Jon Darponek ziurtatu dauenez, lehenengo aldiz sartu dira euskerearen inguruko adierazleak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erakundeen arteko hartu-emona antolatzeko kontratu-programan. Gauza asko egin dira, baina beste asko dagoz egiteko, esan dau sailburuak batzordeko legebiltzarkideen aurrean.
Osasun arloan euskerea normalizetako ahalegina nabarmendu dau Darponek, eta datuek hobekuntzea egon dala erakusten dabela uste dau: Ikusi besterik ez dago gora egin dauela euskeraz dakienen eta euskerea erabiltzen dabenen kopuruak belaunaldi gazteen artean. Osasun sistemako zerbitzu guztiak euskeraz eskaintzeko bidean pixkanaka aurrera doazala dino sailburuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!