Lexikoaren Behatokiaren bersino eguneratua sarean ipini dau Euskaltzaindiak
2017-03-06 12:47 Euskerea berbagaiGaur egungo euskerea zelakoa dan eta zelan doan aldatzen jakiteko corpus linguistikoa da Lexikoaren Behatokia, Euskaltzaindiaren arabera.
Ikerketen oinarri izango dan corpus etiketadu bat da Lexikoaren Behatokia. Prosa arruntean 21. mendean euskeraz argitaratu diran eta argitaratzen diran testuak jaso eta aztertzen dira. Lexikoaren Behatokian jasotako datuei esker, beraz, gaur egun euskerea zelan erabiltzen dan jakin leiteke eta, ondorioz, Euskaltzaindiaren arau eta gomendioen oinarri da, batez be lexikoaren alorrean.
Era berean, ikerketarako iturri aberatsa da era horretako corpus bat. Esate baterako, berbak zelan erabiltzen diran jakiteko balio dau. Erabilera horri begiratuta egin leikez gomendioak Euskaltzaindiak eta beste hizkuntzalari batzuek be euren ikerketarako erabili leikeez datuok.
2009an proiektua martxan hasi zanetik, Lexikoaren Behatokia eten barik osotuten eta zabaltzen doa, gehienbat komunikabideetako eta prosa arrunteko testuak gehitu ahala. 2016an hainbat iturritako edukinak gehitu ostean, 58 miloe berba baino gehiago daukaz orain, milaka testutatik ateratakoak. Bersino eguneratua interneten ipini dau Euskaltzaindiak, hemen.
Andoni Sagarna da Lexikoaren Behatokiko zuzendaria eta, azaldu dauenez, gaur egungo euskerea zelakoa dan eta zelan aldatzen dan ezagutzen lagunduko deusku corpus honek. UZEIk, Elhuyarrek eta EHUko IXA Taldeak laguntzen deutsie Euskaltzaindiari Lexikoaren Behatokia horniduten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!