Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 241,9 miloe euroko aurrekontua izango dau 2017an, igaz baino % 2 gehiago

Bizkaie! 2017-03-03 14:05   Kulturea

Euskadi Digitalaren aldeko bere apustua indartzeko 1,1 miloe bideratu eta sorkuntzea sustatzeko bere diru-ekarpenak indartuko ditu.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak bere Sailaren 2017ko ekitaldirako aurrekontua aurkeztu dau bart Legebiltzarrean, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Sailak 241,9 miloe euroko aurrekontua dakar ekitaldirako, 2016an baino % 2 gehiago. Sailburuak azaldu dauenez, aurrekontuok estu-estu lotuta dagoz Sailaren konpromisoakaz. Kultura Sailburuordetzeak 1,1 miloe euro bideratuko ditu Euskadi Digitalaren aldeko apusturako, eta sortzaileei laguntzeko diru-ekarpenak be indartuko ditu. Hizkuntza Politikeari jagokonez, eustaltegientzako HABEren bidezko diru-ekarpena % 6 igoko da eta 1,2 miloe euro inbertiduko dira euskerearen irakaskuntzan B2 maila bitartean dobakotasunaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.

Lehen aldiz izan da Zupiria sailburua Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Beragaz batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Jon Redondo Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria eta Carmelo Arcelus Zerbitzu zuzendaria izan dira. Sailburuak balioa emon deutso Sailaren aurrekontuak izango dauen hazkundeari, 2016an baino 4,7 miloe gehiago izango baitira bere konpromisoak gauzatzeko.

Kultura Sailburuordetzeari jagokonez, aurrekontu-proiektuak programa bi jasoten ditu: Ondare Historiko Artistikoa eta Kulturearen Sustapena. Igoera nabarmena izango dau lehenengoak, % 8,9koa, neurri handi batean Euskadi Digitalaren aldeko apustua indartu dalako. Ekimen honi lotuta, 1.119.000 euro inbertiduko dira digitalizazinoari lotutako proiektuetan (e-Liburutegiaren sustapena, Euskadiko Liburutegi Digitalaren finantzaketea, Liburuklik ekimena...). Horregaz batera, 650.000 euro inbertiduko dira liburutegien sarearen garapen digitalean.

Sailak proiektu eroaleen aldeko bere apustua nabarmenduko dau 2017an, agirikoa baita proiektuon erreferentzialtasuna eta beren garrantzia bestelako kultura-ekimenak sortzen eta elikatzen laguntzeko. Kontuak kontu, Guggenheim Bilbao Museoarentzako diru-ekarpena % 29,30 igoko da, Artiumena % 43 eta Santa Maria Katedrala Fundazinoarena bikoiztu egingo da. Era berean, Kulturaren Sustapena programearen barruan, Tabakalera lako proiektu estrategiko baten jarduera kulturalerako 1,6 miloe euro bideratuko dira (igaz baino % 14,29 gehiago).

Kulturaren Sustapena programearen barruan aurrekontuetan eragina izango daben aldaketa nabarmen bi izango dira: Donostia 2016 Europako Kultura Uriburutzarako bideratutako dirua (ia 5 miloe eurotik 1,1 miloe eurora, horren amaierea kudeatzeko) eta Tabakalerako eraikina martxan jarteko diru-ekarpena murriztuko da, lanak amaitu diralako. Proiektu horreei lotutako kontu-sailen pisua oso handia zanez eta programearen aurrekontua neurri berean murriztu ez danez, 2016an baino diru gehiago izango da aurten bestelako kultura ekimenen sustapenerako. Sailaren diru-ekarpenak nabarmenagoak izango dira ondoko arloetan: musikea (2016ko aurrekontuan baino % 4,4 gehiago), jantzea (% 3,5 gehiago), ikus-entzunezkoak (% 11,9 gehiago) edota arte plastikoak (% 7,4 gehiago).

Azpimarratzekoa da sorkuntza lanari zuzenean emongo jakon babesa, eta horretarako hainbat diru-laguntzino eta kontu-sail jasoten dira aurrekontu proiektuan. Sortzaileentzako deialdi nagusietako bat % 21 haziko da eta bi urtean 400.000 euro banatuko ditu sortzaileen lana babesteko. Zinemagintzea bultzatzeko be neurri eraginkorrak dagoz aurrekontuetan, besteak beste, % 25 igon da produkzinoak diruz laguntzeko ekarpena. SKIen aldeko apustuak, gure kultura agirikoagoa egitekoak edo jaialdiak babesteko asmoak be badabe bere isla aurrekontuen proiektuan.


Hizkuntza Politika Sailburuordetzea

Euskaldunen kopurua areagotzen jarraitzeko konpromisoari lotutako neurri bi nabarmendu behar dira; batetik, HABEren euskaltegientzako diru-ekarpena % 6 igoko da. Bestetik, 1.250.000 euro bideratuko dira euskerearen irakaskuntzan B2 maila bitartean dobakotasunaren bidean pausu gehiago emoteko. Azken neurri hau Hakoban landuko da eta dobakotasunaren helburua lortzeko erakundeen arteko lankidetzan sakonduko da aurten.

Euskerearen erabilerea sustatzeko be hainbat neurri bultzatuko dira aurrekontuon bitartez. Esate baterako, 300.000 euro inbertiduko dira euskerearen erabilerea aisialdian bultzatzeko ume eta gazteen artean. Ekimen desbardinak bultzatuko dira horretarako aisialdi-alkarteakaz eta ganerako erakundeakaz alkarlanean. Eraberean, Euskerea Sustatzeko Zuzendaritzeak kontu-sail desbardinak aurreikusten ditu aplikazino teknologikoak euskeraz sustatzeko (310.000 euro), euskerazko wikipediaren garapenean sakontzeko (300.000 euro), atzerriko hizkuntzetan produzidutako kalidadezko zinemea eta serieak euskeraz azpititulauta ikusi ahal izateko (85.000 euro) edota umeakan irakurketa-ohiturak sustatzeko Bularretik mintzora programearen bidez (30.000 euro).

Sailburuordetzeak garrantzi handiko diru-laguntzino deialdiak bultzatuko ditu euskalgintzako alkarteak laguntzeko eta euskerazko hedabideen lana errazteko. Diru-laguntzino izendunen atalak be bere indarrari eutsiko deutso.


Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzea

Aurrekontu-proiektua onartuko balitz, Jarduera Fisiko eta Kirol Zuzendaritzeak 8.187.219 euroko aurrekontua izango leuke 2017an, igaz baino % 7,5 gehiago. Gizartean jarduera fisikoa bultzatzea izango da bere helburu nagusietako bat, eta 450.000 euro inbertiduko ditu hori lortzeko, batez be Mugiment 2020 programearen bidez. Horregaz batera, dopinaren kontrako burrukan 200.000 euro inbertiduko dira, Dopinaren Kontrako Euskal Agentziaren baliabideak areagotuz. Azkenik, bardintasuna kirolean sustatzeko igaz baino 140.000 euro gehiago inbertiduko dira 2017an.


Erakunde publikoak

Saileko erakunde publikoen artean, Etxepare Euskal Institutuak izango dau hazkunderik nabarmenena 2017an. Erakunde honek igaz baino % 8,16 gehiago izango dau eta 2.345.170 euro jasoko ditu Institutuak kultura-diplomazia eta nazinoarteko sareak sustatzeko, euskerearen irakaskuntzea nazinoartean indartzeko eta euskal kulturearen sustapena eta nazinoarteko zabalkundea sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu