Josu Martinezen aurkikuntzeari esker, 1936ko 'Euskadi' filma ikusi ahal izango da hileon
2017-03-02 15:31 ZinemeaEstreinau zanetik ahaztua egon da René Le Henaffen hiru dimensinotako dokumentala. EHUko ikerlari Josu Martinezek topau dau Parisen eta Loraldiak zabalduko dau.
Filmaren jaubea dan enpreseagaz akordioa lortuta, lau aldiz ikusi ahal izango da Euskadi filma martian, Loraldia jaialdiaren ekimenez eta EHUren laguntzaz: Hilaren 11n Iruñean, 15ean Bilbon, 23an Donostian eta 24an Baionan. Lan nekeza izan da pelikulea topau eta jenteari erakustea lortzea, Josu Martinezek azaldu dauenez.
Bilbon egin da aurkikuntzearen barri emoteko ekitaldia, Josu Martinez EHUko Nor ikerketa taldeko kidea eta filma topau dauena bertan dala. Haren alboan egon da Bea Narbaiza EHUko irakasle eta Nor taldekoa. Ganera, Loraldiaren izenean Mikeldi Uribe-Etxebarriak egin dau berba eta EHUren ordezkaria Patxi Juaristi Bizkaiko kanpuseko errektoreordea izan da.
Arkeologia lan handia egin behar izan da lan hau berreskuratzeko, aitatu dau Patxi Juaristik, egia esan, obra ahaztuak berreskuratzeko EHUko ikerlariak ahalegin handia egiten dabiz azkenaldion. Josu Martinezek berak, Gure sorlekua filma topau eban ez oso aspaldi, euskal zinemagintzearen aurrekaria. Argibel Eubak, bestalde, Euskal Herriaren inguruko film suediar bi berreskuratu ditu oraintsu. Denpora laburrean laugarrena da, beraz, Euskadi.
Teknika berezi baten errodauta dago, cinéma en relief izenekoa erabilita hain zuzen. Gaur egungo hiru dimensinotako zinemearen parekoa izan zan asmakizun hori, baina ez eban arrakasta handirik batu. Horregaitik, estreinau eta gitxira ahaztuta geratu zan Euskadi. Erreferentzia gitxi batzuk badagoz euskal zinemagintzearen historiaren inguruko liburuetan, baina sarri datu okerrak emoten izan dira.
Esaterako, 1933an Teodoro Hernandorenak zuzendutako Euzkadi-gaz nahastau izan da. Beste iturri batzuetan orduko Eusko Jaurlaritzearen produkzinoa izan zala esaten da. Josu Martinezek azaldu dauenez, ez dauka horregaz ezelako zerikusirik. Zinemagile frantses batek, René Le Hennaffek egin eban 1936an, seguruenez enkarguz. 1937ko apirilean estreinau zan Parisko Olympia areto ospetsuan, Gernika bonbardeau eben hilean, eta Euskal Herrian inoz ez da ikusi orain arte.
Pathé Gaumont produktora frantses handiaren jaubetzakoa da filma. Kostata lortu eban Josu Martinezek filma ikusteko baimena. Proiekzinoak egiteko baimena lortzea gatxagoa izan da. Nik ondare hau Euskal Herrian itxi nahi neban, hau da, kopia bat hona ekarri, hemen gordeteko, azaldu dau ikerlariak. Pathék ipinitako trabak ikusita, proiekzinoak egiteko baimenagaz konformau behar izan dau.
Loraldiaren bitartekaritzeari esker, lau proiekzino egin ahal izango dira. Trukean, 1.300 euro pagau behar jakoz Pathéri eta proiekzinoetako kopiak suntsitu beharko dira gero.
Josu Martinezek azaldu dauenez, 22 minutuko dokumental laburra da Euskadi. Filmaren berezitasun nagusia, erabilitako teknikea da, cinéma en relief, edo hiru dimensinotako irudiak. Bitxikeria da hori, dino Martinezek. Guztira hogei bat film baino ez ziran egin teknika horregaz. Louis Lumièrek, 40 urte lehenago zinemagintzea asmau ebanak, sortu eban teknika hori, baina ez eban zabalkunderik izan.
Filmeko irudi guztiak Ipar Euskal Herrikoak dira. Eguneroko bizimoduagaz lotutako irudiak dagoz, baserri girokoak. Ganera, pilota partiduak, jantzak, ohiturak eta abar ikusten dira. Euskerazko kantak entzuten dira pelikulearen pasarte askotan. Euskal Herriaren irudi bukolikoa emoten da, dino Martinezek. Euskal kostaldeko turismoa be agiri da eszena batzuetan.
Balio etnografikoa dauka Euskadi-k. Halandabe, Josu Martinezek ohartarazo dauenez, filmaren helburua ez zan Euskal Herria gorestea. Ipar Euskal Herriko bizimodu exotikoa hiru dimensinotako teknika barria probetako ingurune egokia begitandu jaken, itxuraz, egileei. Hiru dimensinotako teknikea ondo erakusteko pentsauta dagoz plano guztiak.
Martinezek ganeratu dauenez, zinemagintzako asmakizun barriak probetako gogoko lekua izan da Euskal Herria betidanik, batez be Iparraldea. 1896an, historiako lehenengo pelikuletako bat (Les rochers de la vierge) Miarritzen errodau zan. Soinudun zinemea agertu zanean, 1930eko hamarkadan, Euskal Herrian egin ziran film batzuk, bertoko kanta eta soinuak asmakizun barria erakusteko aproposak ziralakoan. Cinéma en relief teknikan, ostera, Euskadi da aitzindarietako bat.
Izenburua be deigarria dala onartu dau Josu Martinezek, Frantziako zinemagileek Euskadi euskerazko izena aukeratu ebelako, eta ganera s-z idatzita (sasoi haretan Euzkadi zan formarik erabiliena).
Loraldiak Pathéren hilabeteko baimena dauka proiekzinoak egiteko. Tarte horretan, lau antolatzeko modua topau dau. Lehenengoa, martiaren 11n, Iruñeko Punto de Vista zinemaldian izango da. Ondoren, Bilboko Azkuna Zentroan, Loraldiaren egitarauaren barruan emongo da, 15ean. Josu Martinez bertan izango da azalpenak emoten. Donostiako proiekzinoa Tabakaleran izango da hilaren 23an. Baionakoa, EKEgaz alkarlanean, Atalante aretoan, 25ean. Euskadi-gaz batera, Argibel Eubak topautako Basker eta Bonde i Baskerland film suediarrak emongo dira lau saiootan.
Loraldiak euskal kultura garaikidea bultzatzea eta zabaltzea dau helburu baina, Euskadi 80 urteko film zaharra dan arren, filosofia horregaz bat datorrela uste dau Mikeldi Uribe-Etxebarriak. Iraganeko aitzindariei garrantzia emoten deutsiegu, adierazo dau. Sasoi bateko aitzindariei esker jaio dala gaur egungo euskal kultura garaikidea azpimarratu dau Loraldiko ordezkariak.
EHUko Patxi Juaristi, Bea Narbaiza eta Josu Martinez be pozarren agertu dira filma berreskuratu dalako, Euskal Herrian kopiarik gorde ezin izango dan arren. Lanak eta ekinak emoitzea emon dau, nabarmendu dau Juaristik, gure memoria historikoa berreskuratzen lagunduko dau honek, izan garena ez daigun ahaztu.
Bea Narbaizaren esanetan, Martinezen ikerlana bat dator Nor taldearen ardatz nagusiakaz: Euskal kulturea, identidadea, hizkuntzea eta komunikazinoa. Euskal gizarteagaz eta zerbitzu publikoagaz daukagu konpromisoa Nor taldean, adierazo dau Narbaizak.
Amaitzeko, Josu Martinezek azaldu dau, filma ez dala galduta egon, baina bai ahaztuta. Cinéma en relief teknikeak ez eban arrakastarik izan eta horrek ez eutsan lagundu Euskadi-ri. Ganera, Martinezek dino Pathé produktoreak ez dauela interes askorik agertu filma zabaltzeko. Interes komertzial txikiko filma dalako gertatu da hori, ikerlariaren ustez: Film laburra, dokumentala eta ganera Euskal Herriaren ingurukoa, best-sellerra izateko ezaugarririk onenak!.
Filmaren zatitxu bat ikusi (bi dimesinotan), hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!