Emakumeak Bilboren historian kokatuko ditue bisitaldi gidatuen bidez
2017-03-01 08:37 KultureaGaurtik aurrera, Emakumeak Bilboko Historian zikloaren bigarren aldia antolatuko dau Bilboko Udalak. Bisitaldiak egongo dira Olabeagan eta Zorrotzaurren.
Emakumeek uriaren garapenean izan daben zeregina eta garrantzia azpimarratzeko asmoz hasi zan Udala antolatzen, igaz, bisitaldi ziklo hau. Laster martiaren 8a, Emakumeen Nazinoarteko Eguna, izango dala eta, bigarrenez eratuko dabe ekimena, oraingoan Zorrotzaurren eta Olabeagan.
Emakumeek bakarka zein era kolektiboan lagundu dabe Bilboren historian, Udalak azaldu dauenez. Aurten, industriaren eta langileen alorrean garrantzia daukien auzo bitara begiratuko dau. Emakumeak Zorrotzaurren eta Olabeagan: iragana, oraina eta etorkizuna izango da aurtengo izenburua. Itsasadarraren alboan dagoz auzo biak eta industrializazinoaren zein desindustrializazinoaren lekuko izan dira.
Zorrotzaurren eta Olabeagan, emakumeek zeregin aitagarriak bete zituen, historia ofizialetik kanpo sarritan geratzen diran arren. Ontziei itsasadarrean gora egiten laguntzen eutsien zirgariak aitatuko ditue bisitaldietan, baita fabriketan lan egindako andra piloa be. Kulturearen eta gizartearen arloan be, ekarpen nabarmena egin dabe emakumeek auzootan, eta egiten segitzen dabe.
Memoria historikoa berreskuratzeko saioa izango da hau, Bilboko Udalaren arabera. Ohiko ibilbide turistikoetatik kanpo, Bilboren historian zeresana emon daben lekuak bisitauko ditue, eta beste ikuspegi bat zabalduko dabe.
Gaur, martiak 1, hasiko dira ibilaldi gidatuak, apirilaren 30era arte. Martitzenetik barikura, txanda bi egongo dira, goizean eta arratsaldean. Zapatuetan be txanda bi, baina biak goiz partean. Izena emotean, bisitaldia euskeraz ala gaztelaniaz nahiago daben esan beharko dabe herritarrek eta horren arabera aukeratuko da talde bakotxeko hizkuntzea. Bariku arratsaldeetakoa euskeraz izango da beti.
Ibilaldietan parte hartzea doban da eta, gehienez, 30 lagun onartuko dira txanda bakotxean. Izena emoteko, telefono honetara deitu behar da: 94 401 00 10.
Ordu eta erdi inguruko bisitaldia izango da, gida baten laguntzinoagaz, Olabeaga eta Zorrotzaurreko kaleetatik. Argazkiak eta dokumentazinoa be erakutsiko da, gaur egun desagertuta dagozan eraikinen ganeko informazinoa azaltzeko. Abiapuntua Artiach gaileta-fabrikearen aurrealdean egongo da, Deustuibarra 70ean.
Igaz, ekimenaren lehenengo aldian, Itsasadarra, zubiak eta emakumeak izeneko bisitaldia egin zan. Zubiak eta itsasadarraren alboko txokoak bisitau zituen parte-hartzaileek, emakumeek egindako ekarpenak agertuaz batera. Ibilbide gidatu hori egiteko aukerarik ez dago, baina herritarrek euren kontura egin leikee, eskuorria erabilita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!