Behe Kanpalekuan bueltan gara!
2017-02-27 08:25 Euskaldunak munduanOndo sentiduten naz, indarra oraindino ez jat joan, eta neure arazo bakarra atzamar lodietako atzazalak erdi solte daukadazala da, eta beraz, oso mingarria iruditzen jat aurrez kranponeetea, halan da be, estutu eta aurrera egin behar dogu.
Zezeilaren 25ean, Behe Kanpalekura bueltau ginan, azkenean. Ordubetean, 1000 metrotatik 5250 metrotara egotera pasau ginan, eta egia esan bildur dezente neukan; altuereak nere kontra egingo ete eban ez nekialako, izan be, 4000 metroko gainbehera kolpean egitea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula.
Apurka-apurka mobimentuak egiten saiatu nintzan, baina hain pozik nengoan bertan egoteagaitik bueltan ezin nintzala geldi egon, ezagutzen nozue honezkero. Behe Kanpalekua atondu, materiala atera eta barriro be martxan hasteko gogo handiagaz!
Iluntzean, haizeak gogor joten eban, eta duda barik, orain arte, Behe Kanpalekuan pasautako gaurik txarrena izan da. Haizeak mendebaldetik joten eban, eta gaupasa egin behar izan dogu haizeak dendak ez eroateko.
Ohikoa baino ordubete lehenago joten dabe lehen eguzki izpiek Behe Kanpalekuan, 08:40ean, hain zuzen bere. Zer egin berba egin eta gaur igoko ez zirala esan deustie ganerakoek.
Ni, barriz, nahiko ondo sentiduten naz, eta hiru eskailera eta sokea hartuta, gorantz egitea erabagi dot. 200 metro ekipau ditut eta hiru eskala porteau. 5500 metro ingurutara heldu naz. Bakarrik joan nazenez, ez neban gehiago arriskatu nahi, eta BK-ra bueltau naz, bihar danok batera egingo dogulako lan.
Izotz-jausian 2 edota 3 egun gehiago emon beharko ditugu lanean, eta Behe Kanpalekura bueltau aurretik, estrategia bat planteau neban: BK-n deskantsau, neure kideek izotz-jausia berrekipetan eben bitartean, baina, ezinezkoa da, ezin naz geldi egon!
Jakin badakit, gero eta gehiago igon orduan eta aukera gitxiago izango ditudala tontorra zapaltzeko, ahalegin handia egiten nagoalako, baina ipurtarina naz eta neuri eskaletea eta burrukatzea gustetan jataz. Egun bakarra be ez dot itxaron!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!