Sorkuntza literariorako Igartza Bekaren deialdia egin dabe

Bizkaie! 2017-02-23 09:19   Kulturea

Proiektuak aurkezteko epea bagilaren 30era arte dago zabalik. Elkar, Beasaingo Udala eta CAF dira lehiaketearen antolatzaileak.

Euskal kulturea zabaltzea eta idazle gazteen lanari bultzadea emotea dira Igartza bekearen helburu nagusiak. Deialdira narratibako lanak, eleberri zein ipuin bildumak, idazteko proiektuak aurkeztu leitekez. Irabazleak, 6.000 euroko diru-laguntzinoa izango dau, proiektu hori gauzatzeko. Gero, Elkar argitaletxeak plazaratuko dau.

Inon argitaratu bako lan originalak izan behar dira Igartza bekara aurkeztutakoak. Euskeraz idatzita egon beharko dira. Hautagaiei jagokenez, baldintza bi bete beharko ditue: Batetik, 35 urte bete barik izatea, idazle gazteen lana bultzatu nahi dalako; eta gehienez helduentzako liburu bi argitaratuak izatea. Ganera, aurreko edizinoetan bekea irabazi dabenak ezin dira barriro aurkeztu. Horreek baldintzak bete ezkero, edonor aurkeztu leiteke. 

Igartza Bekaren 20. edizinoa da aurtengoa. Parte hartu nahi dabenek bagilaren 30era arteko epea daukie euren proposamenak bialtzeko. Idatzi nahi daben nobela edo ipuin bildumearen azalpena bialdu beharko dabe, bi eta lau orri bitartean idatzia, ezaugarri nagusiak zehaztuta. Ganera, idazlanaren lagin bat, 15-20 orrialdekoa, aurkeztu behar dabe, ez derrigorrez narrazinoaren hasikerea. Hona bialdu behar da hori: kultura@beasain.eus

Epaimahaian Ana Jaka, Igor Estankona eta Garazi Kamio idazleak egongo dira. Proiektu guztiak aztertu eta irailaren 15a orduko emongo dabe irabazlearen barri. Ondoren, bekadunak urtebete izango dau proiektua amaitzeko.

Igazko Igartza Bekaren sariduna Kattalin Miner izan zan eta, hain zuzen, egunotan argitaratu dau horren emoitzea, Nola heldu naiz ni honaino nobelea (albistea, hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu