'Nola heldu naiz ni honaino' nobelea argitaratu dau Kattalin Minerrek

Bizkaie! 2017-02-17 09:49   Kulturea

Bizitzan hartzen diran erabagien ganeko gogoetea da liburua. Igartza sariari esker argitaratu dau, Elkar argitaletxearen eskutik.

Jezabel izeneko emakumea da Nola heldu naiz ni honaino nobelako protagonistea. Izatez, persona arrakastatsua da. Lanpostu ona, dirua, lagunak... daukaz. Baina, itxuraz sinplea dan erabagi bat hartzeko orduan, ez atzera ez aurrera geratu da eta zalantzak hasi jakoz. Azken finean, Kattalin Minerrek liburuan azaldu nahi dauenez, bizitzan lorpen batzuk izanda be, inor ez dago dudetatik eta neurosietatik libre.

Pertsonaien arteko alkarrizketa gitxi dagoz liburuan, baina Jezabelek buruan darabizan gogoetek leku handia hartzen dabe. Izan be, erabagi beharraren inguruko gogoetea da Nola heldu naiz ni honaino. Erabagi txikiek handiek beste eragin leikie norberaren bizitzan, Minerren esanetan, eta beraz erabagi txiki eta handien arteko bereizketea apurtu behar dala dino.

Jezabelen gorabeheren bidez, ganera, gizartean zalantzak sortzen dituen hainbat gairen ganean gogoetea egin dau autoreak. Familia eta bikote-ereduak aitatzen dira, esaterako. Personen bizimodu konplexua agertu nahi izan dau Minerrek, normalean erabagi ugari hartu beharrean izaten dira eta.

Liburuan agertzen diran galderei erantzuna emotea ez da liburuaren helburua, gogoetea sortzea baino. Nork bere buruari galderea egitea, eta konturatzea norbera dagoen lekura heldu dala, askotan zelan heldu dan horra oso ondo jakin barik, hartutako erabagien ondorioz.

Lehenengo personan idatzitako nobelea da Nola heldu naiz ni honaino, baina Kattalin Minerrek azpimarratu dau ez dala lan autobiografikoa eta Jezabel ez dala autorearen kopia. Halandabe, autorearen bizipenakaz badaukie loturea liburuan aitatzen diran gaiek, eta bere belaunaldiaren inguruan kokatu nahi izan dau pertsonaia nagusia.

Nobela hau idazteko proiektuari esker, Igartza saria irabazi eban Kattalin Minerrek. Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar argitaletxeak bultzatzen dabe lehiaketa hori, euskerazko proiektu literarioak sortu daitezan. Saria irabazi ebala jakin aurretik be, proiektuagaz aurrera egitea erabagita eukan Minerrek, ariketa interesgarria begitandu jakolako. Igartza saria irabazita, argitaratzeko aukerea izan dau. Juanma Aramendik marraztu dau azaleko irudia.

Kontuak kontu, Minerren lehenengo nobelea da Nola heldu naiz ni honaino. Orain arte beste arlo batzuetan ibili dan arren, gustura idatzi dau nobelea eta, beraz, ez dau baztertu aurrerago besteren bat idazten hastea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu