Amesak egia bihurtzen ez dirala dinoe, baina...

Bizkaie! 2017-02-21 09:44   Euskaldunak munduan

Ezustekorik ezean, Beheko Kanpalekura hilaren 25ean edo 26an heltzea da asmoa eta tontorrerako ahalegina martiaren hasieran egitea.

Gaur, pozten nauen sarrera bat dakarkizuet blogean, izan bere, Ibra neure lagunagaz batera eta Enara Larizen ezinbesteko laguntzinoagaz, eta ames honen parte hartu nahi izan daben patrozinatzaile eta lagunei esker proiektu solidario bat egin dogu Nepalen; hain zuzen be, bertako emakume ausart horreen artean, eskaladea sustatze aldera: Nepalerantz, neure bigarren etxerantz, abiatu aurreko egunetan, Alexen dei bat jaso neban, eta hara non esan eustan ikaragarri gustatuko jatan sekulako sorpresea eukala esku artean. Munduko mendirik altu eta ikusgarrienetakoak doguz Nepalen, eta beraz, bertan arnasten dan afizinoak ez dauka parekorik. Halan da be, eskaladea ez dago horren errotua, izan be, tradizinoa, esperientzia, eta batez bere, baliabideak falta dira. Hemen bizitea ez baita bape erreza, lagunok. Motibazioa eta ikasteko gogoa, ostera, ez jakez falta.

Pare bat hile edo emon doguz Nepaleko aduanaren kontura; milaka dei, bilerak edozein ordutan... baina gero, benetan, tramite guztiak egiten diran benetako bulegoak ministerioen aurrean aparkautako motozikleten jarlekuetan egiten dira. Noz edo noz honetaz be idatziko dot, nepaldarren funtzionamendu burokratikoak badauka beste kapitulu baterako mamina-eta.

Alex eta Ibrak Euskaditik bialtzen daben material sorta galant hau (bialketak eta zergek balio daben guztia eurek pagau dabe, Azpeitiko eskalatzaile taldearen laguntzinoagaz) hainbat formatu desbardinetako kaja eta bidoietan heltzen da, besteak beste, kaskoak, zinta expresak, sokak, katu hankak (40 pare baino gehiago), mosketoiak, grisak, arnesak, 100 boltsa, zulagailua, jumarrak...

Eta egun gitxira, Everesteko Behe Kanpalekutik zuzen-zuzenean... Ibra handia heltzen da (Mikel Uribesalgo), harrokako eskaladan dauen esperientzia bidelagun, geugaz momentu ederrak biziteko prest. Hona hemen lan guztiaren emoitzea:

- Astreck Climbing Wall-en Ibrak debalde emondako tailer bi. Lehenengoa harrokan aurrenekoz dabizenentzat, eta bigarrena, esperientzia gehiago dabenentzat. Biek ala biek arrakasta itzela izan eben. Ibilbide luze eta oparoa izateaz gan, komunikatzaile bikaina baita Ibra, eta berari esker, asko ikasi genduan!

- Ladies Mountain League taldekoakaz batera, Hattiban-era egindako urtekerea. Hanna Sjödin-ek sortutako taldea dogu hau, emakume nepaldarrak mendi inguruko kiroletan sartzeko helburuagaz. Oro har, 12 eta 50 urte bitarteko 10 emakume baino gehiago ausartu ziran harrokako eskaladea probetan.

- Eskaletako 7 bide barri zabaldu, eta dagozanakaz batera, BalmaNagar Nepaleko eskaladearen jaiotza eta etxea izatea lortu. Zeuen egutegian letra larriz markau, aldamenean sekulako erreka baitago beroak gogor joten dauenean bertan sartu ahal izateko, boulderrak daude, camping-a, eta Himalayako panoramika itzela. Eskola honek, orain, gradu anitzeko bide barriak ditu, 5+ tik 7b+-ra. Maila eta gustu guztietarako aukera zabala!

Boltexpedition 3 izenagaz izentau dozun aste honetan, eskalatzaile nepaldarrek bideak euren kabuz ekipetea be lortu dogu, baita eskaladako teknika barriak ikastea, korapiloak, aseguretan, jumatzeatzen, segurtasunez rapeletan...

Nepal Mountaineering Instructor alkarteak bere, egunotan eskalada ikastaro bat emoten egozala BimalNagarren, Ibrak euren ikasleei tailer bat emon ahal eutsen be eskatu euskuen. Ibrak sekulako lana egin dau, benetan, egun guztiak horman eskegita emon ditu, bide barriak zabaltzen, zulatzen, garbitzen, ikasten... Bere poztasunak, apaltasunak, esperientziak, jakintzak, eta laguntzeko gogoak, guzti hau arrakasta itzela izatea ekarri dabe, Nepaleko negu gorrian baldintzak ez baitziran onenak.

Zeinen handia zaren, Ibra!

Azkenik, Proiektu solidario guzti honen aitzaindaria izan dan Alex Txikoni eskerrak emon behar deutsaguz. Lemoarraren laguntzinoa zenbaezina izan da. Everesteko bere neguko espedizioa atontzeaz gan, erronkako atal honetan be bere esku egoan guztia emon dau, Behe Kanpalekuan egonda bere. Alex ez da MENDIZALE bat bakarrik, lehengo abenturazale horreetako bat, apala, eskuzabala, eta bihotz handikoa baino. Eta, aitagarria iruditzen jat hau, egun, mendian, sekulako konpetentzia eta egoa dagoan honetan. Bere izena inon be ez aitatzea eskatu eustan, baina ez deutsat kasurik egin, berak egindakoak aparteko merezimendua eskatzen dauelako. Haren laguntzino barik, hau guztia ez zalako posible izango. Beraz, horra hor zeure personeagazko esker ona. Onena merezidu dozu, Alex.

Bestalde, proiektu hau gauzatu ahal izateko, euren alea jarri daben laguntzaile guztiei eskerrak emon behar deutsaguaz. Mila esker, bihotzez!! Alkizabal, Ander, Fixe, Raquel Hernandez!, Sokaitz Eskalada Taldea eta Beltza, Zero Azpitik, Azpeitiko herri eta eskalatzaileei, Bizkaiko Diputazinoari, eta batez be, Lorea Bilbao Kultura eta Kirol arloko diputatuari, Bergarako eskalatzaileei zein Lur, Esther, David, Eneko, Haizea eta Joseri.

Hemen, Nepalen, Dave Smith, Niraj Karki eta Ladies Mountain League eta bere sortzaile dan Hanna Sjödin izan dodaz laguntzaile. Mila esker, zuoi bere!!

Ia proiektu hau jarraipen handi baten hasierea besterik ez dan; ia datorren urtean be, errepetiduteko aukerarik dogun, eta ikasten, gozetan eta Nepalen bide barriak zabaltzen jarraitzen dogun. Harrokan ikusiko dogu alkar!

Azkenik... Ibra: Ikarragarri gustauko litzakit esperientzia hau barriro be errepetidutea, akaso, beste urte batean, jentearen eta patrozinatzaileen babes handiagoagaz. Batez be motibauta eta asebeteta bueltau naz, geure lanak merezidu izan dauelako. Eskerrik asko guztioi, bene-benetan.

Giro honetan, erronkeari barriro heltzeko gogo itzelagaz, taldea kirolaren barruan zein kanpoan be egiten dalako. Hona hemen, kideon argazkia, ezkerretik eskumara, neu, Chhepal, Pemba, Nuri eta Norbu (Furba falta da). Kirolari eta persona itzelak dira danak. Eguna hara eta hona igaro eta alkarregaz joan ginan afaltzen be. Ederto paseteaz gan, hurrengo igoerearen estrategia be aztertu genduen:

Bien bitartean, hemen nabil hotelean... ikusten dozuenez, 12 bat kilo galdu dodaz! Eta hankak zaintzen nago... Ze gustora nagoan ur beroagaz, gorantz egiteko prest! Ezustekorik ezean, Beheko Kanpalekura hilaren 25ean edo 26an heltzea da asmoa eta tontorrerako ahalegina martiaren hasieran egitea. Edozelan be, eguraldia, animoa eta bestelako erispide batzuk gogoan hartzea nahitaezkoa da holako abenturatan...

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu