Hungariako 'Teströl és lélekröl' filmak irabazi dau Berlinaleko Urrezko Hartza
2017-02-20 10:02 ZinemeaIldiko Enyedi da pelikula irabazlearen zuzendaria. Maitasun istorio berezi bat kontetan dau.
Berlingo zinema jaialdiko 67. edizinoan 400 film erakutsi dira, horreetatik 18 sail ofizialean. Berlinalen ohikoa izaten dan legez, gizarte arloko arazoak modu konprometiduan lantzen dituen film ugari ikusi ahal izan dira jaialdiko hamar egunetan. Paul Verhoeven izan da epaimahaiko burua.
Hungariatik datorren film bat izan da, epaimahairen eretxian, zinemaldiko onena. Teströl és lélekröl (gorputz eta arima) Ildiko Enyedik zuzendutako pelikulea da. Modu berezi eta original baten kontetan dau maitasunezko istorio bat.
Ganera, Alain Gomis zuzendari franko-senegaldarraren Felicité be nabarmendu dau epaimahaiak, Sari Bereziaren Zidarrezko Hartza emonda. Afrikako emakume baten inguruko istorioa da.
Beste Zidarrezko Hartz batzuk be emon ditu epaimahaiak. Aki Kaurismäki finlandiarrak irabazi dau zuzendari onenaren garaikurra eta gidoirik onenarena Sebastián Lelio txiletarrak, azken horrek Una mujer fantástica filmari esker. LGTB gaiak ondoen lantzen dituenaren Teddy Saria irabazi dau film horrek.
Aktoreen arloan, Georg Friedrich alemaniarra (gizonetan) eta Kim Minhee korearra (emakumeetan) izan dira irabazleak. Friedrich Helle Nächte pelikulan agertu da, Berlinen harrera hotza izan dauen film baten, baina halandabe aktore onenaren Zidarrezko Hartza eroan dau etxera. Kim Minhee, ostera, Bamui Haebyun-Eoseo Honja filmean egindako lanagaitik saritu dabe.
Beste alde batetik, euskal zinemagintzeak be lekua izan dau aurtengo Berlinale jaialdian. Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak erakusmahaia ipini dau bertan, Zineuskadiren katalogoa aurkezteko. Bestetik, Eneko Atxa sukaldari bizkaitarraren inguruko dokumental bat, Soul, ikusi ahal izan da Berlinen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!