Eneko Atxa sukaldariaren inguruko dokumental bat, Berlinale jaialdian ikusgai

Bizkaie! 2017-01-18 09:04   Zinemea

Katalunian eta Japonian Eneko Atxak egindako bidaia kontetan dau Soul filmak. Berlinale zinemaldiko sukaldaritza sailean proiektauko dabe, zezeilean.

Zezeilaren 9an hasiko da Berlinale, munduko zinema jaialdirik ospetsuenetako bat. Aurtengo edizinoan, euskal protagonista bat baino gehiago egongo dira Alemaniako uriburuan, garrantzitsuenak Eneko Atxa eta Alex de la Iglesia.

José Antonio Blancok eta Ángel Parrak zuzendu dabe Soul. Dokumental horretan, Eneko Atxa zornotzarraren ibilerak jaso ditue, Katalunian eta Japonian egindako bidaietakoak. Sukaldaritzearen arimearen bila ibili zan herrialdeotan chef bizkaitarra eta Jiro Ono sukaldari japoniarra ezagutu eban. Atxaren eta Onoren ikuspegia alderatuta, gaur egungo goi sukaldaritzearen nondik norakoak aztertzen ditu dokumentalak. Kontuan izan behar da, Atxak 39 urte daukazala eta Onok, 91.

Dokumentalean gogoetea egiten da sukaldaritza tradizionalaren eta garaikidearen arteko talkaz, abangoardiaz... Chef ospetsuen testigantzak be jasoten dira, adibidez Martin Berasategi gipuzkoarrarena.

Euskal sukaldaritzearen arloan, gaur egungo izenik nabarmenenetako bat da Eneko Atxa, Larrabetzuko Azurmendi jatetxean egiten dauen beharrari esker. Hiru Michelin izar ditu. Jiro Ono japoniarrak beste horrenbeste ditu.

Sukaldaritzeari eskainitako gaualdian, Soul ez eze, beste film batzuk be proiektauko ditue Berlinen. Ondoren, Eneko Atxak eta goi mailako beste hiru sukaldarik 200 lagunentzako menu berezia preparauko dabe Gropius Mirror jatetxean, antolatzaileek azaldu dabenez. Atxak egindako jakiek Soul filmagaz zerikusia izango dabe.

Alex de la Iglesia bilbotarra izango da Euskal Herriaren beste ordezkari nagusia 67. Berlinale jaialdian. Berak zuzendutako El bar film barria estreinauko dabe Alemaniako uriburuan. Ganera, sail ofizialerako aukeratu dabe De la Iglesiaren lana eta horrek oihartzun handia emongo deutso pelikuleari. Hori bai, lehiaketatik kanpo emongo dabe El bar eta, beraz, ez da Urrezko Hartz famatua irabazteko hautagaien artean izango.

2017ko zinemaldi handien artean lehenengoa hastear da, beraz, Berlinen. Zezeilaren 9tik 19ra, zaleen arretea erakarri daben hainbat film ikusteko aukerea egongo da Berlinalen. Besteak beste, 1990eko hamarkadako Trainspotting film ezagunaren bigarren partea estreinauko da, baita The other side (Aki Kaurismaki), Return to Montauk (Volker Schlöndorff) eta beste asko be. Epaimahaiaren burua Paul Verhoeven izango da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu