Berlin, Euskal zinemagintzearen erdigune

Bizkaie! 2017-02-08 09:45   Zinemea

Zezeilaren 9tik 19ra stand propioa izango dau Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak. 

Zineuskadik Basque Audiovisual katalogoa aurkeztuko dau Berlineko Zinema Jaialdiko European Film Marketen (EFM). Zezeilaren 9tik 19ra stand propioa izango dau Eusko Jaurlaritzako Ikus-entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoak. Hogeita sei proiektu jasoten ditu katalogoak, eta sektoreko profesionalez gan, Aitziber Atorrasgasti Zineuskadiko lehendakari barria eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendaria izango dira Berlinalen.

Berlineko Zinema Jaialdiaren 67. edizinoa euskal zinemagintzearen erdigunea izango da. Bigarren urtez jarraian euskal ikus-entzunezko sektorea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak sustatzen dauen Basque Audiovisual zigilupean izango da bertan. Ganerako nazinoarteko ferietan legez, Basque Audiovisualek stand propioa izango dau Berlinaleko topagune nagusian, European Film Marketen (EFM). Bertan ehun herrialde baino gehiagotik joandako 550 enpresa eta 9.000 profesional inguru batuko dira.


19 produkzino-etxe eta 26 proiektu

Zineuskadik mahai gainean jarritako datuen arabera, Basque Audiovisualek 26 proiektuz osotutako katalogoa aurkeztuko dau Berlinen: hamabi dokumental, bederatzi fikzino eta bost animazino. Egitasmo gehienak garapen fasean dagoz eta, beraz, EFM euskal produktoreentzako topagune ezin hobea bilakatzen da hartu-emonak egin, industrian dauen tokia indartu eta aurkeztutako proiektuen eskubideak negozietako; Espazio horretan sortzen dan interakzino kreatiborako aukerea oso handia da, azaldu dabe Zineuskaditik.

Azken finean, bertan parte hartzeak euskal egileentzako finantziazino bideak bilatu, kolaborazinoak ezarri eta negozio idea barriei ateak edegitea ahalbidetu leike.  Nahiz eta proiektu gehienak aretoetara heltzeko bidean egon, pasa dan urtean, 2016an, Berlinen izango diran zortzi egitasmo estreinau ziran: El ataud de cristal, Gutik zura, Pixi Post end the gift-Bringers, Acantilado, Picadero, The glass coffe, Teresa & Tim eta Central Africa´s closed eyelids.

Era berean, azpimarragarria da, euskeraz egindako proiektu kopurua (7), Berlinalera bidaiatuko dauen egitasmo guztien lauren bat izatea. Horreeek guztiek, Europako hizkuntz aniztasunari eta kultureari balio erantsia eskaintzen deutsee. Merkatu murriztu eta ikuspen txikiagoko filmak izan arren, zinemagintzea aberasten dabe, industriaren maila kulturala sendotuz eta erakargarriagoa bihurtuz.

Katalagoak 19 produktoreen lanak jasoten ditu: Arena Comunicación, Basque Films, Doxa Producciones, Esrec, Fascina Producciones, Gariza Films, Irusoin, Lamia Producciones, Lotura Films, Old Port, Píxel, Somuga, Sr&Sra., Dibulitoon Studios, Txalapart, Txintxua Films, Kanaki Films, Caravan Cinema LTD eta Kinoskopik. Etxe gehienak beren presentzia berretsi dabe. Jaialdian standaren kargu egongo diran profesionalak aholkularitzea, babesa eta koordinazinoa eskainiko deutsee Berlinera bertaratutako guztiei. Enpresentzako ekintza desbardinak aurrera eroateko espazio ederra izango da.

Era berean, Zineuskaditik azpimarratu dabenez, bidaiaren beste helburu baa koprodukzino minoritarioen interesa daben mapa barri bat eregitea da, etorkizunean hartu-emon profesionalak arintasunez eregi ahal izateko. Esangura honetan, lehengo urtean Berlineko European Film Marketera egindako bidaia erabat emonkorra izan zan; Zineuskadik Europako Zine Institutu, Film Commisions, Zinema Jaialdi, erosle eragile eta produkzino etxeakaz 81 bilera egin zituan. Horra hor euskal zinemeak sortutako interesaren isla.


Basque Audiovisual

Basque Audiovisual euskal ikus-entzunezko sektorearen sustapena egiten dauen markea da, sektorea ordezkatzen daben konpainien lanaren emoitzea. Markeak dinamikoa dan sektorea batzen dau, eduki eta formatu barritzaileen aldeko apustua eginez.

Industria zinematografikoa, telebista, animazinoa, filmen produkzinoa eta banaketea, hezkuntzea eta teknologia zentroak eta zerbitzu enpresak osotzen dabe euskal zinemagintzea. Euskal ikus-entzunezko sektoreak inplikazino handia erakutsi dau proiektuan, eta parte hartzen daben enpresen maila handia produkzino estandar erakargarriak eta arrakastatsuak ziurtatzen ditu.

Horrezaz gan, indarrak batzeko tresna eraginkor bilakatzen da, sektorearen nazinoarteko estrategia munduko ekitaldi garrantzitsuetan presentzia izatea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu