Asier Otamendik irabazi dau Arabako Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa

Bizkaie! 2017-02-20 09:08   Bertsolaritzea

Dulantziko saioa finalerdietako lehenengo itzuliko azkena izan zan. Hurrengo hiru saioetan erabagiko da nork kantauko dauen finalean.

Asier Otamendi, Dulantzin (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Bertsolari Txapelketan eskarmentu handia dauka Asier Otamendik eta horri esker irabazi eban Dulantzin jokatutako saioa. Holan, finalaurrekoetako bigarren itzulira puntu kopuru politagaz heldu da eta finalean sartzeko aukera aproposa dauka.

Dulantziko saioko puntuazinoak ikusita, irabazteko lehia estua egon zala esan leiteke. Ariketa guztiak amaituta, epaileek erabagi eben Asier Otamendiri 237,5 puntu emotea. Haren atzetik, txapelketako beste beterano bat, Oihane Perea, 235,5 puntugaz. Eta Paula Amilburuk 235 puntu lortu zituan. Lehenengotik hirugarrenera, 2,5 puntu baino ez. Otamendik, Pereak eta Amilburuk puntu gehiago lortu zituen lehenengo finalaurrekoko irabazle Manex Agirrek baino.

Atzerago geratu ziran beste hirurak: Ander Solozabal (216,5 puntu), Izar Mendiguren (199,5) eta Jon Ruiz de Pinedo (188).

Honebestez, finalaurrekoetako bigarren itzulian bertsolariak zelan banatuko diran zehaztuta dago. Martiaren 4an hasiko da bigarren itzulia eta hiru saio egongo dira. Itzuli biak batuta, puntu gehien daukien bertsolariak pasauko dira finalera. Honeek dira saioak:

Legution, martiaren 4an: Manex Agirre, Jon Ruiz de Pinedo, Felipe Zelaieta, Iker Agirre, Peru Abarrategi eta Iñaki Viñaspre.

Laudion, martiaren 11n: Xabi Igoa, Jagoba Apaolaza, Asier Rubio, Ander Solozabal, Rikardo Gonzalez de Durana eta Paula Amilburu.

Aramaion, martiaren 18an: Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa, Serapio Lopez eta Oihane Perea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu