Manex Agirrek irabazi dau Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa
2017-02-06 09:27 BertsolaritzeaIndartsu hasi da aurreko edizinoko txapelduna. Langraitzen jokatutako finalaurrekoan 229 puntu lortu zituan Agirrek eta abantaileagaz doa bigarren itzulira.
Arabako Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, 70 bat bertsozale batu ziran domeka arratsaldean Langraitzen, lehenengo finalaurrekoa entzuteko. Sei bertsolari egon ziran oholtzan: Asier Rubio, Felipe Zelaieta, Manex Agirre, Peru Abarrategi, Rikardo Gonzalez de Durana eta Zigor Enbeita. Gai-jartzailea Marta Ugarte izan zan.
Bertsolari bakotxak 13 betso puntuagarri bota zituan, hainbat ariketatan. Epaimahaiaren arabera, Manex Agirre aramaioarra izan zan onena eta 229 puntu emon eutsazan. Bigarren lekua Rikardo Gonzalez de Duranarentzat izan zan, irabazleagandik ez oso urrun, 227 puntugaz. Hirugarrena Peru Abarrategi izan zan (222,5).
Ondoren, laugarren postuan, Zigor Enbeita geratu zan (215) eta bosgarren Asier Rubio (204,5). Seigarren lekua Felipe Zelaietak bete eban (200,5).
Aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan 18 bertsolari dagoz parte hartzen. Finalaurrekoak itzuli bitan jokatuko dira, hau da, lehenengo hiru saioak jokatu eta gero, bertsolariek barriro kantau beharko dabe. Saio bietako puntuazinoak batuta erabagiko da finalean nork parte hartuko dauen.
Langraizko saioko lanari esker, Manex Agirrek badaki hurrengo hitzordua laugarren finalaurrekoan izango dauela, martiaren 4an. Ganerako bost bertsolariak hurrengo saioen zain geratuuko dira, bigarren itzulian noz kantauko daben jakiteko.
Hurrengo finalaurrekoa, bigarrena, Zigoitian jokatuko da, zezeilaren 12an. Honeek izango dira oholtzan: Andere Arriolabengoa, Iker Agirre, Iñaki Viñaspre, Jagoba Apaolaza, Serapio Lopez eta Xabi Igoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!