Hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta EEP-k Baionan
2017-02-17 08:41 Euskerea berbagaiIpar Euskal Herrian euskerearen presentzia areagotzeko akordioa da, erakunde biek azpimarratu dabenez. 2022ra arte egongo da indarrean.
Ipar Euskal Herrian euskerearen ganeko zereginez arduratzen dan Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Euskaltzaindiak batzarra egin dabe Baionan. Bertan, sei urterako hitzarmena sinatu dabe. Mathieu Bergé izan da sinatzailea EEPren izenean eta Andres Urrutia euskaltzainburua Akademiaren partetik.
Erakunde biek egin beharreko lanen nondik norakoak zehazten ditu hitzarmen markoak. Ganera, EEPk Euskaltzaindia onartuko dau erakunde arau-emole ofizial legez.
2022ra arte indarrean egongo dan akordioaren arabera, hainbat alor landuko dira. Esate baterako, Ipar Euskal Herriagaz lotutako argitalpenak bermatuko ditu Euskaltzaindiak eta hango autoreei jagoken zabalkundea emongo deutse. Bestetik, toponimoen forma egokiaren ganeko zalantzak argituko deutsaz Akademiak EEPri. Ganera, EEP ahaleginduko da Euskaltzaindiak euskera batuaren alorrean egindako lana zabaltzen.
Andres Urrutiak adierazo dauenez, hitzarmen honek lagunduko dau Euskaltzaindia goi mailako erakunde moduan autortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroa Garaian errekonozimendu hori badauka eta orain Ipar Euskal Herriaren txandea izango dala dino. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskerazko lanak bultzatzea eta hiru lurraldeotan euskerearen presentzia handitzea izango dira hitzarmenaren ondorioetako bi, Urrutiaren ustez.
Mathieu Bergé be pozik agertu da, hitzarmena sinatu eta gero. Euskal Alkargo barriagaz aldaketak datoz, herriko etxeek euren eskumenak erakunde barriaren esku itxi leikeez, baina era berean, herriek eutsi behar deutsie euskerearen aldeko ekimenak egiteko gaitasun horri, adierazo dau EEPko presidenteak.
2008ko urtarrilean sinatu eben Euskaltzaindiak eta EEPk alkarren arteko lehenengo hitzarmena. Hari esker, erakunde bion arteko lankidetzea egituratu ahal izan zan. 2014an beste bat izenpetu zan eta, ganera, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako beste gehigarri bat sinatzen izan da. Orain artekoaren balorazino ona egin, eta alde bien arteko lankidetzea indartzeko nahia agertu dabe Akademiak eta EEPk 2017-2022 aldirako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!