Alex Txikon datorren astean bueltauko da Everestera

Bizkaie! 2017-02-17 08:02   Euskaldunak munduan

Katmandura bajatu eta Seven Summits Trek agentziagaz izan dituan txarto-ulertuak konpondu ditu. Everest neguan eta oxigeno barik igoteko erronkeari eutsiko deutso.

Alex Txikonek berak Nepaletik azaldu dauenez, Seven Summits Trek agentziako arduradunakaz batzartu da. Izan be, agentzia horrek Everesteko espedizinoa bertan behera itxi nahi izan dau eta horrek kolokan ipini dau Txikonen asmoa. Agentziagaz izan dituan gorabehera guztiak azalduta, hemen.

Katmandura bajatu behar izan dau Txikonek Seven Summits Trekeko arduradunakaz berba egiteko eta, beraz, espedizinoa albo batera itxi behar izan dau behin behinean. Halandabe, datorren astean Behe Kanpalekura bueltauko da, agentziagaz aurrera egiteko akordioa lortu dau eta.

Txikonen lantaldeak azaldu dauenez, Katmandun izandako batzarra kaotikoa izan da, baina azkenean alkar ulertzea lortu dabe. Ez hori bakarrik, orain arte eurakaz egon diran xerpak izango ditue alboan aurrerantzean eta izotzaren egoerea aztertzeaz arduratuko diran adituak be (Ice doctors dalakoak), lehenengo ekinaldiko berberak izango dira.

Orain arte Alex Txikoni laguntzen egon diran xerpa berberek lagunduko deutsie Everesteko tontorrera heltzeko bigarren ahalegin honetan be. Halandabe, egunotako ahaleginak eragindako nekea arintzeko, atsedena behar dabe xerpek. Hortaz, berehala igotzen hasi beharrean, datorren astean ekingo deutsie Behe Kanpalekurako bideari Txikonek eta kideek.

Pozik dago, beraz, Alex Txikon, agentziako arduradunakaz izan dauen batzarrak frutua emon dauelako. Erronkeari berrekiteko, inoz baino indartsuago dagoala dino Txikonek, eta egunotako esperientzia motxilan daroenez, baikor dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu