Bizirik eta kopla barik, tontorra gogoan
2017-02-16 10:05 Euskaldunak munduanTaldea jota dago. Carlos galdu genduan, gero Lakpa, orain Chhepal..., bost bakarrik geratzen gara, baina indartsu sentiduten naz, barriro saiatzeko gogoagaz.
Tontorrera heltzeko ahaleginaren eta ondoren izandako bizipenen barri emon dau Alex Txikonek euskeraz: Eguraldi ona iragarrita dago zezeilaren 14rako, beraz, erronkeari ekiteko ordua dala erabagiten dogu. Beraz, 10ean Norbu Cheppal eta neuk gorantz egin genduan. 8 ordu ingurutan, Bigarren Kanpalekuan ginan, 6.350 metro inguruan. Norbu eta nire artean, 2K muntau genduan barriro be; Cheppal apur bat beranduago heldu zan. Lo sakuetan sartu eta haginak estutu; 32 gradu zero azpiko tenperaturea dago...
Egunak argitu dau eta honeek biak zurrunka dagoz oraindino; neu, ostera, lo zakuan egoteaz gogaituta nago. Biak esnatu, eta jateko zeozertxu preparetan hasten gara, zelan ez, arroza. Hori bai, eskerrak emon nahi deutsiedaz Endika eta Beñati Euskal herritik janari piloa ekarteagaitik, besteak beste, Tolosako txuletak (eskerrik asko, Tedi!!!).
Arratsaldeko 16:00etan Nuri, Furba eta Pemba heldu dira. Kontu batzuk kontau, eta lo zakura...
Zezeilak 12, lan eguna. Talde bitan banatzen gara: lehen taldean, Norbu, Chhepal eta neu, eta bigarrenean: Nuri, Furba eta Pemba. Egitasmoa hurrengoa: A taldeak goizeko 05:00etan urten dau Bigarren Kanpalekutik eta bost ordutan Hirugarrenean ginan. B taldekoek, ostera, hurrengo egunean igoko dira Laugarren Kanpalekura.
Arratsalde partean, eguzki izpiek zeozertxu berotzen gaitue, eta orduan, lo zakuan sartu eta 2K eta BK-koakaz hartu-emonetan jarten gara.
Iragarritako eguraldia baieztatu eta zezeilaren 13ko 03:00etan (Nepaleko ordua) abiatu nahi dogu. Goizaldea da, eta gorantz egiteko gogoz nago, baina, bapatean, mobimentu arraro batzuk igarri dodaz dendan, eta jarraian, serack baten krakadea... Geure bihotzen erritmoak goraka egiten dau etenbarik; hiru segundutan, Norbu eta neu lo zakuetatik salto egin, eta frontalak piztuta, alkarri begiratzen deutsagu sekulako bildur arpegiakaz, aldatzean behera ginoiazala pentsaurik. Gorputz erdia dendatik kanpo neukan; Chhepali begiratu eta ezertaz enterau ez dala konturatzen gara, barreka hasi eta brometarako gogoa arin kentzen jat, guztiz hotzituta gelditu bainaiz dendatik kanpo. Beraz, lo zakura barriro bere.
Erlojuari begira pasetan dira orduak eta 01:30etan edurra urtzen hasten gara; gaua da, hotz handia egiten dau eta haize gogorrak ez dau etenik egiten. 03:00etan urten gura genduan baina 06:00etan abiatu gara, azkenean. Bigarren taldeak goizeko 02:00etan urten dau Bigarren Kanpalekutik, eta beraz, alkarregaz egin genduan gorantz. Haizeak ez dau atzera egiten; ekarri dodan erropa guztia daroat aldean, eta halan da be, sekulako hotza daukat. Chhepal eta Nurbuk jarraitzen nabe, aurrerapausuak zenbatzen eta zein altueratara egongo garen asmetan emon dut bidea.
Eguzkiak inguru desbardinetan noiz joten dauen kalkulauta daukat, eta beraz, hori aztertzen astintzen dot burua, horrek aurrera egiten laguntzen bainau. Baina, ez da erreza, oso luze egiten jat, izan be, zinta horiak gurutzatu arte, 7.550 metro ingurutara heldu arte, eguzkiak oraindino ez dau ia joten. Zeozertxu hasi da hurreratzen baina bi ordu daroazguz hankak sentidu barik.
7650 metrotara, gauzak okertzen doaz. Haizea gogor dabil, Chhepal nigana hurreratzen da eta beherantz egiteko eskatu arren, alkarregaz batzen gara berba egiteko. Nigan konfiantzea izateko eskatzen deutset.
Hotz handiegia egiten dau, eta berba egin ostean, oxigeno artifizialeko botilak erabilteko eskatzen deutset. Normalean, gailurra egiteko azken tartean hiru erabilten ditue, baina bakotxak botila bi daroaz; kasu egin eta konektau egiten ditue. Haizeak gero eta indar handiagoagaz joten dau. Ginebrinoko ezproia gurutzatzen gagoz, 7800 metro ingurutara. Ganerakoek ez dabe argi ikusten eta aurrean jarten naz.
Danei animoak emoten noa, eguraldia aldatuko danaren konfiantzeagaz. Halako batean, Aitorri walkitik deitzea jatorkit burura, baina 45 gradu zero azpiko tenperaturan walkia hartzea hatzamarrik barik gelditzea ekarri leike. 60 km./ orduko haizea dago! Ez dakit zelan egiten dogun aurrera!! Honegaz konparauta, igazko Nanga Parbatek erreza emoten dau!
Chhepalek beherantz joateko eskatzen deust barriro be; baina lelokeririk egingo ez dogula ziurtatzen deutsat, eta haizea baretu egingo dala esan deuskuela; beraz, neuri jarraitzeko esaten deutset. Neuk zabalduko dodala bidea.
Soka finkoa apurtuta dago. Hesola bat hartzen dot eta barriro be ekipetan hasten naz, eclimb-ak Laugarren Kanpalekuan itxi dodaz eta gitxiago falta jaku heltzeko, baina haizea itzela da, ezin doguz pausu bi emon lurrera jausi barik. Aurrekoan tarteka-marteka egozan soka zaharrak erabili genduzan, baina oraingoan 100 metro gehiago sartzen dodaz geure segurtasuna bermatzeko.
Laugarren Kanpalekura heldu gara. Norbu, Nuri eta Pembak jarraitzen nabe; ezin dogu zutunik egon. Lehen dendeagaz, ikaragarria da baina lauon artean ezin dogu muntau, beraz, Furba eta Chhepalen zain gagoz. Bitartean, hagaxka bat hausi egin da eta 7.950 metrotara, Everesteko Hego-Lepoan, 50 bat denda baino gehiago egon daitekez!! Eta harantz noa ni, txutxu-mutxuka hagaxka baten bila, eta hara non denda batean sartu eta, bapatean, barruan hildako bat!! Joder!! Baldintza honeetan gauza asko pasetan jakuz burutik, eta horreetako bat, geuk be holan amaitu geinkela da.
Bigarren dendea muntetako saiakera bat egiten dogu seion artean, eta ezinezkoa egiten jaku. Sekula ez jat holakorik pasau: seion artean ezin muntetea denda ziztrin bat, ikaragarria!! Harri batzuk bota doguz gainean, eta txutxu-mutxuka noa barriro be. Bertara heltzen gengozanean ziri-kartutxoak ikusi dodaz eta gure taldeko batek be ez dau lo zakurik ekarri, beraz, aparteko gasa!
Begibistan neukan dendara hurreratu, eta ezin sinistu, beste hildako bat!!! Ez dakit nortzuk diran, baina hemendik besarkada handi bat bialtzen deutset euren familia eta lagunei!
Ziri-kartxutxoak itxi eta dendea muntetan hasten gara, baina ezinezkoa dala onartzea besterik ez jaku geratzen. Danakaz berba egin, material guztia itxi eta beherantz jotea erabagiten dogu.
Norbugaz berba egin eta beherantz laguntzeko esaten deutsat, ez dodala ezer sentiduten, ganerakoek segiduko gaituela, beste danak oxigenoagaz doaz-eta. 17:30ak dira, alde egiten dogu ala hemen geldituko gara betiko.
Walkiea eskatu eta konturatu orduko bat pasetan deustie. Behe Kanpalekuagaz berba egiten dot, eta eguraldiak okerrera egingo dauela baieztatzen deuskue, eta hemendik ahalik eta arinen bajatu behar garela esaten deuskue.
Baina ez dot aurrera egiten; neure taldearen arduraz jaubetzen naz, eta hona heltzeko arren eskatu deutsedan moduan, euren bizitzak arriskuan jarri arren, orain eurak jagotea toketan jat, eta azkena bajatu arte ez nazela bajauko argi daukat. Gatxa da kalkuletea baina haizeak etenbarik joten dau, eta gitxienez, 80 km./ordukoa izango da.
Gatxa egiten jat pentsetea zelan izan garen kapaz momento honeek gainditzeko. Rapeletan hasten gara eta altuera galtzen goazela igarri dot, baina ez dodaz sudurra eta eskuak sentiduten, eta hankak gitxiago!
Laugarren Kanpalekura heldu eta han berotuko nituala uste neban, baina Hirugarren Kanpalekura egin beharreko aparteko jatsierea oso gogorra egingo jaku! Zinta horiak igaro eta 8 rapel dira Hirugarren Kanpalekura; gauez heltzen gara eta ezin negarrik egin be daukadan minagaz...
Gaua Hirugarren Kanpalekuan igarotzea erabagiten dogu. Neure lo zakua eta estera eskaintzen deutset norbaitek bertan lo egin nahi baldin badau. Azkenean, Norbu, Chhepal eta neu guztiagaz sartzen gara dendan (kranpoiak...).
Edur apur bat urtzen dogu, bakotxak pare bat trago emoten deutsaguz eta lo zakuan sartzen gara, traste guztiakaz. Bigarren gaua lorik egin barik: minagaz eta hotzagaz ezin...
Gaur eguzkiagaz abiatu nahi genduan; Norbu 07:00etan jagi da eta beherantz hasteko eskatu deusku, dendea ez baitago bape ondo. Gau luze eta gogorra izan da, benetan. Burua motibau eta azken ahaleginari ekitea erabagi dogu. Botak jazteko unea, amesgaizto itzela izan da, baina 10 minutuan prest nintaen eta beherantz egiten lehena izan naz, Chhepal eta Norburi bidea eginez.
Lau rapel egin eta gorantz begiratzen dot. Chhepali bertikalean sartzekotan dala ikusi, eta norbu oraindino Hirugarren Kanpalekutik nahiko hur dagoala. Haizeak ez dau etenik egiten, gau osoa egon da astintzen, eta orain be, ez deusku bakean ixten. Hotz handia egiten dau; handia, benetan! Eskuak gogortuta ditut. Eskularruekin rapeletan noa, ezin dot besterik egin; zatikapen batean nago, eskularruakaz segurtasunezko mosketoi bati heltzeko ahaleginetan, kolpekari bat krokatuta gelditu da... Alex zeozer gertatzen ari da! Ez dot aurrekorik be ikusten. Segurtasunezko mosketoia sokatik helduta egotea, horrek arduratzen nau, baina, bapatean, beherantz jausten noa, gero eta arinago. Maldan behera noa, eta sekulako kolpea jasoko dot! Ez badot mosketoia heltzen, hil egingo naz, eta heltzen badot be, zatiketa honetan jausi ostean geldituko naz, gitxienez, 100 metrotara! Hori bakarrik eta hori guztia!!
100 metro honeetan, troka iluna hiru alditan ukitzen dodala uste dot. Jausten noan bitartean, abiadura handiagoa hartzen dot, eta azkenean, zorionez, ezustean, gelditu egiten naz. Ezin dot arnasik hartu, oso agobiauta nago, ia ez dot airerik sentiduten. Bildurrak hartzen nau, minutua baino gehiago daroat airerik hartu barik, eta zorionez, azkenean, arnasa hartzen hasten naz. Baina edur-jausia gogor dator eta milaka harri hasi dira jausten. Zeharka begiratzen dot gorantz eta estu ikusten dot Chhepal; Norbuk suberte hobea izan dau, ez jako ezer jausi; eta neu bailaran behera begira ikusten naz, milaka harrik astintzen naben bitartean, heriotzearen zain. Ezin dot ezer gehiago egin... Hamar minututara ez da harri gehiago jausten; gorantz begiratzen dot, eta zelan demontre leiteke bizirik egotea galdetzen deutsat neure buruari!!
Indar gitxigaz eskularruakaz rapeletan hasten naz, ahal dodan arinen, Norbu eta Chhepalek jarraitzen nabe, Behe Kanpalekuan egiten dogu topo. Chhepal zaurituta dago, buruan ebakia dauka eta bihar Kathmandura eroango dabe.
Kriston subertea izan dogu! Zelako bildurra pasau dogun! Jausten nengoan momentua gogoratzen dodan bitartean, sekulako hotzikarea sentiduten dot gorputzean, oraindino ez dakit zelan ez dodan hazurrik apurtu... Gorputzaren atal guztietan daukat mina; espero biharkoa egun hobea izatea. Chhepali laguntzen deutsagu.
C1era heldu gara eta Behe Kanpalekurantz joten dogu. Haizeak gogor joten dau eta kontu handiz goaz danok, baina irribarre bategaz, Khumbuko izotz-jausia ahalik eta ondoen gurutzatzea pentsaurik. Nahikoa izan dogu gaurkoz. Egun gogorrak izan dira, eta larregi estutu dogu...
Izotz-jausian barrena abiatzen gara. Ia indarrik barik goaz aurrera, baina lasai. Serack eta tarte konplikatu bakotxari, ondo eusteko eta ezustekorik ez emoteko eskatzen deutset eta Biltegira heltzean, hara non ikusten dodazan Aitor eta Pablo.
Zezeilaren 10ean Behe Kanpalekutik urten nebanetik hauxe da amestutako egoerea, eta sufridutako eta bizitakoaren ostean, orain bai esan neike bizitzara itzuli nazela.
Taldea jota dago. Carlos galdu genduan, gero Lakpa, orain Chhepal..., bost bakarrik geratzen gara, baina indartsu sentiduten naz, barriro saiatzeko gogoagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!