Ia 200 gaztek parte hartu dabe Galdeketaun lehiaketan

Bizkaie! 2017-02-15 10:08   Euskerea berbagai

Bilboren inguruko datuak eta euskerazko astialdia buztartzen ditu smartphoneetarako joko horrek. Hirugarren edizinoko sari-banaketea egin dabe udaletxean.

Irabazleak eta Koldo Narbaiza zinegotzia, udaletxean egindako sari-banaketan | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak eta Nontzeberri atariak antolatzen dabe urtero Galdeketaun lehiaketea, 12 eta 17 urte bitarteko gazteak euskerara astialdiaren eta ondo pasetearen bidez erakarteko. Ganera, sariak irabazteko modua emoten jake neska-mutilei. Aurtengoa hirugarren edizinoa izan da eta Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak lagundu dau.

2016ko zemenditik aurtengo urtarrilaren 31ra bitartean, gazteek galdetegia erantzuteko aukerea izan dabe. Telefono adimendunetan Galdeketaun deskargetea dobakoa da eta nahi beste jokaldi egin leitekez. Holan, ia 200 parte-hartzaile izan ditue, eta 10.000 jokaldi edo partida jokatu dira guztira. Pozik dagoz antolatzaileak lehiaketearen aurtengo edizinoagaz.

Aurtengo galderen artean, betiko legez, Bilboko kulturearen, historiaren, artisten, kirolarien eta lekuen ingurukoak egon dira. Ganera, Itsas Museoagaz hasitako alkarlanari esker, Itsasadarragaz lotutako hainbat itaun egon dira. Galdeketaunen bultzatzaileek dinoenez, galdera arinak dira, test erakoak, eta jokoak engantxau egiten dau. Horregaitik, gazteek astialdian euskerea erabili daien tresna eraginkorra da. Galderen erantzunen bila dabizanean, ganera, gazteen arteko informazino-trukea indartzen dau eta Bilboren inguruko informazinoa bilatzera bultzatzen ditu gazteak.

Kontuak kontu, Galdeketaunen edizino hau amaituta, sariak emoteko unea be heldu da, galdera gehien asmau dituenei. Zozketak be egon dira parte-hartzaile guztien artean. Jokalari askok 4.000 puntu baino gehiago lortu dituela eta, marka ederra dala dinoe antolatzaileek. Javier Orbe 16 urteko mutilak egin dau puntu gehieneko jokaldia eta sakelako telefonoa emon deutsie opari. Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan izan da sari-banaketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu