Alex Txikon Behe Kanpalekuan dago baina Everest igoteko beste ahalegin bat egitea ez dau baztertu
2017-02-15 08:18 Euskaldunak munduanLaugarren Kanpalekutik bueltan, jatsiera arin eta arriskutsua egin dabe Txikonek eta xerpek. Edur-jausi baten xerpa bat zauritu da. Behe Kanpalekuan dagoz orain danak.
Alex Txikonek proiektu handi bat dauka esku artean: Munduko mendirik altuena, Everest, neguan eta oxigeno barik igoten dauen lehenengoa izateko asmoz jo eban Nepal aldera abendu amaieran. Hainbat asteko lan gogorraren ostean, helburua lortzetik hur egon da, baina eguraldiak ez deutso itxi. Halandabe, ahalegintzen segidu nahi dauela dino.
Seven Summit Trek mendi-agentziako buruak atzo, martitzena, adierazo eban Txikonek bertan behera itxiko dauela espedizinoa eta laster bueltauko dala etxera. Txikonek, Everesteko Behe Kanpalekutik, ukatu egin dau hori. Lemoarrak azaldu dauenez, haizeteak eta eguraldiaren iragarpen ezkorrek atzera eragin deutsie eta, Laugarren Kanpalekuan be egon dan arren, barriro Behe Kanpalekura bueltau behar izan dau. Baina espedizinoa ez dau amaitutzat jo eta, eguraldiak aukerea emoten badeutso, igoteko ahalegin gehiago egingo dituala ziurtatu dau.
Aste askotako lanaren ostean, orain dala egun batzuk hasi eban tontorrerako azken igoerea Txikonek, xerpen laguntzinoagaz. Laugarren Kanpalekurako bidea arin egin eban lemoarrak baina, behin hara helduta, haize gogorra joten hasi zan eta, egoerea ikusita, atzera egitea erabagi eban Txikonek. Bidelagun dituan xerpakaz batera, Behe Kanpalekura bajatu behar izan dau arin, Everesten goiko aldean geratzea arriskutsua izango zalako.
Bere webgunean plazaratutako kontakizun baten (hemen, gaztelaniaz), tontorrera heltzeko ahaleginaren eta ondoren izandako bizipenen barri emon dau Alex Txikonek. Bertan kontau dauenez, hilaren 14rako eguraldi ona emonda egoanez, tontorrerako ahalegina egitea erabagi eban lemoarrak. Ia 8.000 metrora heldu zan, xerpen laguntzinoagaz, baina Laugarren Kanpalekurako bidean, gero eta haize gogorragoa nabaritzen hasi ziran espedizinokideak. Oxigenoa erabiltzeko agindu eutsen xerpei, eguraldi gero eta latzagoari aurre egiteko (Txikonek oxigeno artifizialik ez dau erabiliko, erronkearen parte dalako muga hori).
Haizete latzen erruz, Laugarren Kanpalekua be ezin izan eben ganoraz ipini. Bertan behera itxitako inguruko denda batzuetara material bila joan zanean, Txikonek hilotz bi topau zituan, beste espedizino baten hildakoenak. Iragarpena ona zanez, Txikonek aurrera egiteko eskatu eutsen xerpei, haizea baretuko zalakoan. Baina ezinezkoa zala ikusita, bueltea emon eben. Gero jakin eben iragarpena aldatu egin zala. Txikonek dino damutu egin zala, bere kideen biziak arriskuan ipinteagaitik.
Beherako bidea be ez zan erraza izan. Alde batetik, haizearen eta hotz izugarriaren erruz, gorputz adarretan min handiak sentiduten hasi zan Alex Txikon. Bestetik, jatsierearen une baten, edur-jausiak harrapau eban taldea eta estu eta larri ibili ziran handik urteteko. Edur askorik ez jaken jausi ganera, baina harriak bai.
Alex Txikonek bere webgunean dino ia mirarizkoa dala handik bizirik urten izana. Baina kolpe gogorrik ez eban hartu eta harriek ez eben bete-betean jo. Xerpetako bat, bai, harri batek jo eban eta zauria eragin eutsan buruan. Hortaz, laster Katmandura eroango dabe, osatzera.
Subertea izan dogu, baina bene-benetako subertea!, dino Alex Txikonek, bildurra pasau dogu. Zauririk ez daukan arren, gorputza minduta daukala dino. Edozelan be, Behe Kanpalekura heltzea lortu eben atzo eta Chhepal-i (buruan zauritutako xerpari) laguntzea da orain euren zeregina. Baita deskantsetea be. Izan be, gorriak ikusi dituan arren, tontorrera bueltetako beste ahalegin bat egiteko indarra badaukala dino lemoarrak.
Txikonek berak baieztau dau Behe Kanpalekuan dagoala atseden hartzen gaur, eguaztena. Orain dala egun batzuk adierazo eban tontorera heltzeko ahalegin bakarra egingo ebala, baina badirudi gehiago egiteko asmoa dauela. Etxera bueltauko dala dinoan albistea ez dala egia dino, eta oraindino ez dauela erabagi zer egin. Behe Kanpalekuan nago eta ez dodala amore emon ziurtetan deutsuet, idatzi dau Txikonek Twitterren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!