UEUk 15 ikastaro antolatu ditu udabarriko eskaintzearen barruan

Bizkaie! 2017-02-10 09:55   Kulturea

Eibarren, Gasteizen eta Iruñean izango dira ikastaroak, baita internet bidez be, zezeila eta maiatza bitartean. Matrikulea egiteko epea zabalik dago.

UEUren esanahia Udako Euskal Unibersidadea dan arren, udatik kanpo be makina bat ikastaro eta prestakuntza saio eskaintzen ditu erakunde horrek. 2017ko udabarrian, esaterako, 15 ikastaro izango dira aukeran, hainbat alorretakoak. Zabala eta anitza leloa erabili dau UEUk kursook aurkezteko.

2001ean Eibarko Ikastetxe Nagusia zabaldu zanetik, UEUren eskaintza akademikoa ugarituz joan da, bai ikastaro kopuruari jagokonez, eta baita jorratutako gaiei jagokenez be. UEUk azaldu dauenez, kursoak Eibarren bertan eta Iruñean izaten dira gehienbat, baina beste eragile batzukaz daukiezan akordioei esker, leku gehiagotara be heltzen dira, Gasteizera adibidez. Internetek emoten dituan aukerak ahaztu barik.

Horrenbestez, eskaintza zabala dago udabarrian, aurrez aurreko zein sarearen bidezko ikastaroetan. Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaldunentzat aukera aproposa dira sareko ikastaroak, baita ordutegi aldakorra daukienentzat be. Aurreko edizinoetako parte-hartzaileen ezaugarriak kontuan hartzen ditu UEUk ikastaroak atontzeko orduan. Esate baterako, ikasleen erdiak inguru gipuzkoarrak dirala ikusi dabe.

Kontuak kontu, gehienbat sakontze eta eguneratze ikastaroak dira 2017ko udabarrikoak. On-line eskaintzearen barruan, honeek gaiak landuko dira: Euskal Mitologia: kultura ondarea; Kolorezko zenbakiak. Matematika lantzen erregeleten bidez; Lurraldea ulertu eta aztertzeko beste modu bat. GIS librea eta Geoprozesamendua (QGIS); Nola hezi genero berdintasunean eskolaren eremuan eta Sormen laborategia, azken hau erdi-presentziala.

Eibarren honeek ikastaroak antolatu dira: Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala; Bizitzaren eskola: askatasunerako pedagogia, Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan eta HTML aurkezpenak egiten Reveal.js plataformarekin. TELP tailerra be egongo da.

Iruñeako egoitzeari jagokonez, honeek ikastaroak dagoz aukeran: Adimen emozionala; Argazkigintza digitala: zure reflex kamera ezagutzen; Bulba duten mutilak eta zakila duten neskak, haurren eta gazteen artean eta Psikomotrizitatea, mugimendu eta joku librea. Amaitzeko, Gasteizen emongo da Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen izenekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu