Ohitureak agintzen dauen lez, Zeanuriko Eleizondo auzoko artea neurtuko dabe domekan
2017-02-07 08:05 Kulturea1959tik datorren tradizino hau urtero egiten da, San Balendin egunaren bueltan. Ganera, aurtengo ospakizunean, San Balendinen irudi zaharbarritua erakutsiko da.
Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan. San Balendin egunaren aurreko domekan, zezeilaren 12an, izango da hitzordua. Ganera, Eleizondora hurreratzen diranek San Balendinen irudi zaharbarritua ikusteko aukerea izango dabe. Udan eroan eben San Balendinen irudia Bilboko Eleiz Museora eta urtarrilaren 24an ekarri eben ermitara, erabat barriztuta.
Jaia 11:30etan hasiko da. Ordu horretan, mezea egongo da Andra Mari parrokian; ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta ermitearen aurreko artea neurtzeari ekingo deutsie (12:30). Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak datorren urtekoari agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Ostean, barauskarria banatuko da bertara hurreratzen diranen artean.
Ekintza horreek herriko txistularien eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.
Egitarau honetan aitagarria da orain dala 59 urte eleizondotarrek hasitako ohiturea, hau da, Piedadeko artea neurtzea. Urte batzuetan desagertuta egon eta gero, orain dala hamaika urte berreskuratu eben eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien.
Lourdes Intxaurraga aurtengo maiordomoaren arabera, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan, jai giroan, artea neurtu egiten eben. Lehenengo neurketea 1959koa da, eta bertan esaten danez, 1,50 metroko altueran, 0,18 metro zabal zan arbolea.
Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea Kandido Intxaurragak 1999an egindakoa izan zan. Papeltxu batean zera idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.
Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Lourdes Intxaurragak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an, neurtzeaz gainera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz.
Igaz hartutako neurria honako hau izan zan: 188 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran, 2015ean baino 3 cm gehiago. Domekan jakingo da zein dan aurtengo neurria eta urte betean zenbat hazi dan ikusiko da.
2017/02/12 11:30
Zeanuriko Eleizondo auzoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!