Jabi Zabala: 'Gure txikitasunean, irrati duina eta profesionala egiten dogu'

Dabi Piedra 2017-02-06 08:41   Barriketan

Bilboaldeko irrati euskalduna da Bilbo Hiria Irratia, Zenbat Gara alkartearen babespean sortua. 1997ko maiatzean hasi zituan emisinoak eta, hortaz, 20. urteurrena ospatzen dabil aurten. Auzoz auzo ekimenean, Bilboko auzoak ezagutzen dabiz, irratsaio berezien bidez.

Hamarkada biko ibilbidean, une gozoak eta gaziak izan ditu irrati apal honek. Esate baterako, igaz Mieltxo Monfort koordinatzailea hil zan bapatean eta horrek kolokan itxi eban proiektua. Halandabe, Ane Zabalaren gidaritzapean, indarbarritu egin da Bilbo Hiria Irratia. Kolaboratzaile sare zabal bati esker, kulturea eta gizartea ardatz hartuta saio ugari ditue martxan. Horren guztiaren ganean egin deusku berba Jabi Zabalak, Bilbo Hiriaren sekretuak ondoen ezagutzen dituan kideetako batek.

 

1.- Hogei urte beteko ditu aurten Bilbo Hiria Irratiak. Ze egoeratan heldu da urteurrenera?

Orain dala urtebete inguru krisi bat pasau genduan, gorabeherak izan doguz, beste leku guztietan legez. Gure kasuan, hilabete gitxian lagun bi galdu genduzan, 2015eko udan Jabi Lauzurika joan jakun eta igazko zezeilean, orain urtebete, Mieltxo Monfort. Horrek zalantzan itxi eban proiektua eta gogoetea egin genduan, atzera edo aurrera edo zer egin, azkenean, aurrera egitea izan zan erabagia. Urteotan ibili gara moldaketa edo optimizazino prozesu baten, eta hori bertan behera ez ixtea pentsau genduan. Horretarako, arlo profesionalean erreleboa behar genduan, beste persona bat, eta horregaitik etorri zan Ane Zabala maiatzean. Zenbat Gara alkarteko kide batzuok be laguntzen ibilten gara, ardurak hartuta. Nire ardurea, esaterako, webgunearen edizinoa da. Modu horretara, aurrera goaz. Orain arteko sareetan parte hartzen segiduten dogu, adibidez Arrosa sarean, eta ganera Arrosako emisora guztien artean aportazinorik handiena geurea da, edukien aldetik. Hala Bedi irratiagaz be akarlana dogu, Hizpidea saioa egiteko orduan. Beste saio asko barritu doguz, edo aldatu. Programa barriak sartuta, irratiaren eskaintzea egonkortu dogu.


2.- Zeintzuk dira Bilbo Hiria Irratiaren nortasunaren oinarriak?

Irrati komunitario bat da gurea, euskaldunen komunidadeari zuzendua. Bilboko irratia da, Bilboaldea be kontuan hartuta. Beraz, irrati urbanoa dala esan geinke, Bilbo metropolitarreko euskaldunentzat egina. Euskera batuan berba egiten dogu eta jorratzen doguzan gaiak, gehienbat, gizarte eta kultura alorretakoak dira.


3.- Soldatapeko beharginak zein boluntarioak daukazuez mikrofonoaren aurrean eta atzean, ezta?

Bi edo hiru lagun ibilten dira, modu profesionalean, hainbat zereginetan. Gero, kolaboratzaile sare ona dogu. Musika, teknologia barriak, literaturea, bertsolaritzea... gai ugari lantzen doguz programetan, kolaboratzaileei esker.


4.- Zelako irratsaioak egiten dozuez, ba?

Gizarte eta kultura gaietako saioak izaten dira. Adibidez, musikeak garrantzi handia dauka gurean, hainbat saio doguz: Artayorran saioan bertoko musikeari begiratzen deutsagu, Txuma Murugarrenen saioa oraintsu berreskuratu dogu, Soinugelak Pedro Elias Igartuak egiten dau oso era didaktikoan, Rafa Ruedak be badauka saio bat abesti ezagunen bersinoak aurkezteko... Zientzia saio bat be badaukagu. Kulturak goiburupean, danetariko programak dagoz: Piperpolis kulturea eta artea jorratzeko, Eremuz Kanpo zinemeari buruzkoa da, Klarionak irakaskuntzearen ingurukoa da eta Agerraldi bakarra dago, hori be saio barria, antzerkiaren ganekoa. Historiari buruzko saioei jagokenez, bata Hektor Ortegak gidatzen dauen Gomuta da eta Xamarrek egiten dauen Euskara Jendea ahaztu barik.


5.- Euskera hutsezkoak dira zuen saio guztiak, katalanezko eta galegozko bana izan ezik. Bitxia da hori, ezta?

Salbuespen bi dira, baina salbuespen esanguratsuak. Katalanezko saioa igaz hasi zan, De mica en mica s'omple la pica da izena. Casal Bilbao bertoko katalanen alkarteak egiten dau eta euren komunidadearen inguruko gaiak lantzen ditue, eta Kataluniako gaurkotasuna hemen zabaltzeko helburua be badauka. Antzeko asmoa dauka galegozko saioak, aurten hasi da hori. Ireki gaiola da irratsaioaren izena eta, hain zuzen, izenaren esanahia zabaldu kaiola da. Galiziako musikea, gaurkotasuna, pasadizoak, historia eta abar jorratzen ditue magazin horretan. Oso pozik gagoz, ze azkenean halako Galeusca txiki baten moduko bat sortu dogu gure irratian.


6.- 1997ko maiatzean hasi zan Bilbo Hiria Irratia martxan. Ze kontestutan sortu zan proiektu hau?

Zenbat Gara alkarteak Kafe Antzokia sortu osteko kontestua zan. 1995ean zabaldu zan Kafe Antzokia eta urte bi geroago etorri zan irratia, eraikin berean, azken solairuan, guk txoritokia esaten deutsagun lekuan. Eraikin horretan euskaltegia be badago, ze, azken finean, euskerearen etxe baten modukoa sortzea zan helburua. Kafe Antzokia plaza fisikoa izanik, hedabideen arloan irrati bat egitea pentsau zan. Euskaldunen komunidadea trinkotzeko tresnak dira biak, baina Antzokia leku fisikoa dan bitartean, irratia uhinen bidezkoa da, jente gehiagogana heltzeko.


7.- Hogei urteko ibiblidean, zelan aldatu da irratia?

Batez be azken urteotan izan ditu aldaketak. Sasoi batzuk izan doguz oihartzun eta aktibidade apalagokoak, baina azken urteotan irratiari bueltea emoten gabiz, zentzu askotan. Antolaketan aldatu gara eta horrek kanpora emoten dan irudian dauka eragina. Badakigu euskerazko komunikabide bat, edozein, ez dala masa komunikabide izango euskerazkoa dan bitartean. Eta guk badakigu, gu zuzentzen garen komunidadea ez dala oso handia. Beraz, gure asmoak ez dira oso handiak eta gauzatu ezinak be ez. Gure komunidadea zein dan badakigunez, badakigu zein dan gure neurria, kontua da gure neurri horren % 100era heltzea. Beraz, azken urteotan lantzen gabiz irrati hutsa izango ez dan hedabide bat izateko bidea. Batez be, interneten bidez. Orain dala hamar urtetik hona, podcast-etan ipini doguz gure eduki guztiak webgunean. Erdigunea webgunea da, baina horren adarrak dira sare sozialak. Holan, gure edukiak gehiago zabaltzen doguz.


8.- 20 urteotan topautako traben artean, lizentziarik ez izatea da latzena?

Bai, hori traba eta kezka iturria da guretzat. Zoritxarrez, sinistuten gatxa emoten badau be, gaur egun oraindino ez daukagu lizentziarik. Horrek esan nahi dau onarpen edo ezagupen ofiziala faltau jakula eta hori tristea da, kontuan hartuta dialaren panorama eskasa. Gu, azken finean, ez gara irrati handia, baina gure txikitasunean irrati duina eta profesionala egiten dogu. Gure ekarpena euskerearen eremutik dator eta erakundeen autorpena faltan dogu.

Irrati lizentzien auzia aspalditik dator baina administrazinoek ez dabe jakin hori zuzentzen. Beharrezkoa da eremu radioelektrikoa erreguletea, FMa oraindino arautu barik dagoalako. PSE-EEren agintaldian ahalegina egin eban Jaurlaritzeak, baina ez eban ondo urten. Gu aurkeztu ginan deialdi haretara, baina ez ziran kontuan hartzen irrati kulturalak, martxan egozan proiektuak... egitasmo askori emon jaken lizentzia eta martxan egozan benetako irratiei ez. Deialdi ha bertan behera geratu zan, dana izan zan oso lotsagarria. Eta ondorioz, oraindino hemen gagoz gu lizentzia barik eta frekuentzien eremuko eskaintzea 2012koa baino are txikiagoa da. Gerora egitasmoak gauzatu ez dituen eskatzaileei emon jakezan hainbat lizentzia.


9.- Hurrengo urteetarako ze erronka ditu Bilbo Hiria Irratiak?

Erronka nagusia Bilboaldeko euskaldunakana heltzea da. Saio erakargarri eta interesgarriak egin behar doguz, euskaldun horreek erderazko irratiak itxi eta gurea lako euskal irratietara pasau daitezan.


10.- Urteurrena ospatzeko, Auzoz Auzo izeneko irratsaio bereziak egingo dozuez, Bilboko auzoetan. Lehenengoa egin zenduen urtarril amaieran Otxarkoagan. Zelakoa izan zan?

Lehenengoa izanda, oso polita izan zan, orain gatxa izango da hobetzea. Eguraldi eguzkitsua izan genduan, auzoko jente esanguratsu asko pasau zan gure mikrofonoetatik. Batzuetan, Bilboko auzoetan ez da erraza ahotsak topetea, batez be euskeraz, eta Otxarkoagan subertea izan genduan, itzela izan zan. Otxarkoagako hainbat alkartetako ordezkariak etorri ziran, egiten dabena azaltzeko. Auzoaren kezkak eta ekimenak ezagutu genduzan.


11.- Hurrengo auzoak zeintzuk izango dira?

Hurrengo saioak non egingo doguzan pentsetan gabiz orain, badaukaguz idea batzuk eta auzo batzuetatik egin deuskue eskaria. Adibidez, Abusutik eta Zorrotzatik. Auzo txikiagoetara joateko asmoa be badogu, Masustegira, Buiara... Ekimen honen beste ondorio bat da, bilbotarrek gitxi ezagutzen dituen lekuak agertuko dirala, Bilboko erdiguneko eremuetatik urrun geratzen diran auzoak. Otxarkoagaren kasua deigarria da: Berba asko egin izan da auzo horri buruz eta lehenego eguneko saioan Otxarkoagaren ganeko mito asko guzurtau genduzan, benetako Otxarkoaga ezagutu genduan.


12.- Beste ekitaldirik pentsau dozue urteurrena ospatzeko?

Besteak beste, kontzertuak antolatuko doguz eta disko bat be preparetan gabiz. Danetariko ekimenak izango dira. Dana dala, oraindino ez dago guztiz zehaztuta. Aurrerago emongo dogu horren barri, egitaraua osorik daukagunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu