Euskerazko literatura baltza bultzatzeko (H)Ilbeltza bekea sortu dabe
2017-02-03 11:23 Kulturea(H)Ilbeltza alkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak egin dabe beka deialdia. Literatura baltzeko lan originalak eta itzulpenak sarituko dira.
(H)Ilbeltza alkarteko Elurre Iriartek, Txalaparta argitaletxeko Mikel Sotok eta Baztango alkate Joseba Otondok Euskal Herrian literatura baltza sustatzeko (H)Ilbeltza bekea aurkeztu dabe, Elizondon egindako agerraldian.
Euskal Nobela Baltzaren Asteagaz lotuta dator beka barria, Elurre Iriartek azaldu dauenez. Topaketa hori urtarrilean egiten da, Baztanen. Hiru urtez ibili gara ekitaldiak antolatzen, nobela baltzaren inguruan. Urte honeetako ibilbidea gogora ekarri eta beste pausu bat emoteko unea dala nabarmendu dau (H)Ilbeltzako kideak: Udalagaz eta Txalapartagaz alkarlanean, urtero euskerazko literatura baltzean ekarpena egitea interesgarria iruditu jaku, gure zaletasuna sormenera eta itzulpenera luzatzeko aukerea da.
Txalapartako editore Mikel Sotok bekearen oinarrizko informazinoa emon dau. Urte baten sorkuntzea eta hurrengoan itzulpengintzea sarituko dituala nabarmendu dau Sotok. Lehenengo edizino honetan, kontakizun originalak sarituko dira. Beka hau antolatzeko orduan, euskal literaturearen eta periferiaren arteko loturea dagoala dino Sotok: Baztanen sortu eta Tafallako argitaletxe batek lagunduta egingo dau aurrera.
Aurtengo epaimahaikideak Soto bera, Joseba Otondo eta Amagoia Iban kazetaria izango dira. Euskal Herriko idazleak eta itzultzaileak bekan parte hartzera animau ditu Sotok. Sortuko eta itzuliko diran lanak euskal irakurleen gozamenerako izango dira.
Azkenik, Joseba Otondo alkateak Baztanek nobela baltzagaz dauen aspaldiko loturea aitatu dau: 1955ean argitaratu zan Jose Antonio Loidi irundarraren Hamabost egun Urgainen, euskerazko lehen nobela baltza eta, jakina danez, Loidik Elizondoko Zatonea etxeagaz hartu-emon estua eukan, azaldu dau Otondok. Modu berean, Mariano Izeta Elizondoko idazlearen Dirua galgarri euskal nobela baltzaren genealogian ekarpen garrantzitsua izan zala azaldu dau alkateak: Izatez, euskeraz argitaratu zan bigarren nobela baltza izan zan, kasu honetan 1962an. Ondorengo beste nobela baltz askok be trama Baztanen daukie.
Bekeari esker beteko diran hainbat helburu azpimarratu ditu alkateak. Batetik, euskerearen normalizazinoan lagunduko dau, hizkuntzeari prestigioa emonaz. Bestetik, euskerearen komunidadeari ekarpen barria egingo jako, literaturan pisu handikoa dan genero baltza euskeraz be dastatu eta gozatzeko. Ganera, idazleen eta itzultzaileen lana bultzatu eta lagunduko da.
Baztango Udalaren webgunean argitaratu dira sariketearen oinarriak (hemen). Nobela edo ipuin baltzen proiektuak postaz edo Udalaren erregistroan aurkeztu ahal izango dira bagilaren 23ra bitartean. Ondoren, irailaren 15a baino lehen erabagiko da zein proiektu saritu eta, hortik aurrera, irabazleak urtebete izango dau lana osorik idazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!