Euskadi Unesco eta Turismoaren Mundu Erakundearen kide izatea adostu dabe
2026-03-16 09:45 KultureaNazinoarteko erabagiteko guneetan presentzia bermatzea da asmoa.
Pausu historikoa Euskadirentzat. Eusko Jaurlaritzeak eta Espainiako Gobernuak erabagi dabe Euskadi Unescoren eta Turismoaren Mundu Erakundearen (UNWTO) kide alkartu lez sartzea, Nazino Batuen sistemako erakunde bi horreek lotura estua baitabe Euskadiren berezko eskumen-eremuakaz.
Akordioa administrazino bien arteko lankidetza-protokolo baten bidez formalizau da eta gaur goizean sinatu dabe Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak. Ekitaldian izan dira, gainera, Ander Caballero Kanpo Hartu-emonetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia eta Lucia García Rico Nazio Batuen Erakundeko zuzendari nagusia.
Hitzarmen hau pausu oso garrantzitsua da Euskadiren nazinoarteko presentzia indartzeko, alde askotariko erakundeen bitartez, mueta honetako erakundeak inoiz baino beharrezkoagoak diran momentuan gainera, adierazo dau Ibone Bengoetxea lehendakariordeak.
Kanpora begirako proiekzinoa
Akordio horrek Euskadik nazinoarteko erakunde horreetan berehala parte hartzeko arloa ezarri eta Euskadiren kanpo-proiekzinoa indartzen dau alde anitzeko gune estrategikoetan, Euskadi Globala nazinoarteko estrategiak lortu nahi dauen bezela. Pausu horrek bat egiten dau estrategia horregaz, baita Pradales lehendakariak jarritako helburuagaz be, hau da, gure herriaren presentzia bermatzea euskal gizarteari eragiten deutsen erabagiak hartzen diran gune guztietan.
Konpromisoaren arabera, Euskadik berehala izentauko dau bere ordezkaria Unescoren aurrean (Parisen dauka egoitzea), Estaduak nazinoarteko erakundearen aurrean dauen ordezkaritza iraunkorraren parte lez, bai eta haren ordezkaria be, Madrilen egoitzea dauen Turismoaren Mundu Erakundearen aurrean, kasu bietan, erakunde horreen lanetan, bileretan eta konferentzietan zuzenean parte hartu deien hezkuntzearen, zientziaren eta kulturearen arloetan, bai eta turismo jasangarria, barrikuntza eta nazinoarteko lankidetzea jorratzeko be.
Akordio horrek Unescoko kide alkartuaren estatusa maila formalean eskuratzea dakar (egoitzea Parisen dauka), bai eta Turismoaren Mundu Erakundearena bere (egoitzea Madrilen dauka). Erakunde horreen hurrengo batzar orokorrak 2027an egingo dira.
Eusko Jaurlaritzatik, Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazo daenez, akordio hori pausu garrantzitsua da Euskadiren nazinoarteko presentzia indartzeko, erakunde multilateralen bidez, batez be erakunde horreek inoiz baino beharrezkoagoa dan momentu geopolitiko honetan eta aukera ederra dala Euskadirentzat interes bereziko arloetan (kulturea, hizkuntzea, ondarea, hezkuntzea, zientzia, turismoa eta iraunkortasuna) berbalagun izateko eta eragina izateko gaitasuna handitzeko.
Bengoetxeak azpimarratu dauenez, Eusko Jaurlaritzeak lanean jarraitzen dau Euskadik ahots propioa izan daian nazinoarteko erakunde eta foro guztietan, Euskadiren interesak defendiduteko aukerea izan daigun autogobernuaren mugak zabaltzeko gure ikuspegia eta bokazinoa ardatz hartuta.
Erakunde horreetan Euskadik dauen parte-hartzea berezko eskumen zabalak dituen gobernuak foro multilateraletan inpliketako joerea gero eta handiago batean kokatzen da eta arlo juridikoagaz erabat bateragarria den moduan egituratzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
