Gartxot Unsainek Bob Dylanen ehun abesti euskeratuko ditu, Jokin Zaitegi bekeari esker
2017-02-03 09:21 Euskerea berbagaiLiteratura Nobel Saria irabazi daben autoreen lanak euskerara itzultzea da Jokin Zaitegi bekearen helburua. 2016an, Bob Dylan kantari amerikarrak irabazi eban Nobela.
Ez da ohikoa kantari batek Literatura Nobel Saria irabaztea eta, horregaitik, Jokin Zaitegi bekearen deialdia desbardina izan da oraingoan. Normalean, urteko Nobel saridunaren liburu bat euskeratzea izaten da bekea irabazten dauenaren zeregina. Oraingoan, baina, Dylanek idatzitako ehun kantako sorta bat itzuli beharko dau.
Hautagaitzak aztertuta, Jokin Zaitegi bekako epaimahaiak Gartxot Unsain Letona aukeratu dau. Donostiarrak izango dau, beraz, ehun abestiak itzultzearen ardurea, bekearen laguntzinoari esker. Lana aurten amaitu beharko dau, 2017aren amaieran itzulpena argitaratuko da eta.
Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziatua da Unsain eta hainbat lanetan ibili izan da. Ganera, bidaiazalea da eta musika-talde ugaritan jo izan dau (John Berkhout, 2 Zaldi...). Ingelesezko kanten eskerazko bersinoak egin izan ditu eta, beraz, badauka eskarmentua Dylanen kantak euskeratzeko.
Maialen Berasategi, Iñigo Roque eta Jon Basaguren egon dira epaimahaian. Hareen esanetan, Gartxot Unsainen proposamenean modu egokian jasoten da kanta originalen esangurea eta musikaltasuna be ondo jagonda dago.
Jokin Zaitegi itzulpen bekea Arrasateko Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dabe urtero. Asmoa da, urte bakotxeko Nobel saridunaren liburu bat euskerara itzuli eta argitaratzea. Bide batez, Jokin Zaitegi idazle eta itzultzaile arrasatearrari omenaldia egiten jako. 2003an hasi ziran bekea emoten, gaur egungo formatuan. Lehenago, beste era bateko testuak euskeratzeko be emon zan bekea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!