Espresionismo abstraktuaren maisuak, Bilboko Guggenheim Museoan
2017-02-02 12:06 KultureaFenomeno artistiko horren barruan sortutako obrarik ospetsuenetako batzuk dagoz ikusgai Bilboko Guggenheim Museoko 2. solairuan, bagilaren 4ra arte.
Hamarkada biko ibilbidea beteko dauen urtean, abiapuntura bueltau da Bilboko Guggenheim. Izan be, Bilboko museoaren proiektua gauzatzen hasi zanean, Espresionismo abstraktua izan zan bere jaubetzako bildumara heldu zan lehenengo estiloen arteko bat. Mark Rothko-k egindako margolan bat tartean. Abstract Expressionism erakusketan, hain zuzen, Guggenheim Museoaren bildumako hainbat pieza ikusi leitekez, Rothkoren koadro hori be bai. Baita Ameriketako Estadu Batuetatik ekarritako artelan baliotsuak be.
Aukera bikaina izan da erakusketa hau hona ekartea, gure abiapuntuagaz bat datorrelako, adierazo dau Juan Ignaco Vidarte museoko zuzendariak. Erresuma Batuko Royal Academy of Arts-ek antolatuta, Londresen egon da aurretik erakusketea eta arrakasta handia izan dau. 130 obra baino gehiagoren bidez, Espresionismo abstraktuaren garapena ezagutu leiteke, hasikerako urteetatik hasi eta 20. mendeko artista entzutetsuenetako batzuen obretaraino. Gehienbat margolanak dira, baina eskulturak, marrazkiak eta argazkiak be badagoz.
Mark Rothko, Jackson Pollock, Willem de Kooning, Robert Motherwell, Clyfford Still eta beste askoren obrak dagoz Guggenheim Museoko bigarren solairuko aretoetan. Obra batzuk gitxitan ikusten dira euren jaubeen museoetatik kanpo eta, horregaitik, Vidartek azaldu dau ahalegin handia egin behar izan dabela erakusketea Bilbora ekarteko. Denverren (AEB) egon diran bederatzi pieza ekarteko, adibidez, baimen berezi bat lortu behar izan dabe.
Espresionismo abstraktua, mobimentu artistiko bat baino, fenomeno bat dala uste dau Edith Devaney komisarioak. Artistek alkarren artean hartu-emon handia euken, galeria berberetara joaten ziran, baina bakotxak bere estiloa garatu eban. Aldaketa politiko eta sozial handien sasoi baten sortu zan fenomeno hau, azaldu dau Devaneyk. Izan be, 1940ko hamarkadan egin zituan lehenengo pausuak, New Yorken. Europako ezegonkortasunetik ihesi, artista asko heldu ziran Ameriketara. New York orduan bihurtu zan munduko artearen erdigunea, zehaztu dau komisarioak.
Artearen alorreko adituek dinoenez, Espresionismo abstraktuak barriro definidu eban pinturearen izakerea. Aniztasuna eta askatasun indibiduala bultzatu zituen fenomeno horretako kideek. Artelan gehienak formatu handikoak dira, espontaneoak eta bizitasun handikoak. Artistak bere emozinoak adierazoten zituan artearen bidez baina ikuslearen pertzepzinoak osotu behar dau obra bakotxa.
Devaneyren esanetan, erronka handia izan da horrenbeste hamarkada eta horrenbeste goi mailako artista batu zituan fenomeno bat erakusketa baten azaltzea. Presinoa be izan dala autortu dau. Izen handiko artisten alboan, horren ezagunak ez diran beste batzuk sartu nahi izan doguz, horreek be ekarpen aitagarria egin ebelako, azaldu dau Devaneyk.
David Anfam eta Lucia Agirre izan dira beste komisarioak, Edith Devaneygaz batera. Agirrek Bilboko Guggenheim Museorako egokitzapenak egin behar izan dituela azaldu dau, Londresko eta Bilboko aretoak ez diralako bardinak. Artista bakotxaren lengoaia artistikoa agertu nahi izan dogu, dino Agirrek. Autore nabarmenenek areto bana daukie (Rothkok 207.a, Pollockek 209.a eta abar). Anbizino handiko proiektua izan da erakusketea Bilbora ekartea, Lucia Agirreren esanetan.
Bagilaren 4ra arte, beraz, Espresionismo abstraktuaren maisulanak ikusteko aukerea egongo da Bilbon. Ganera, zezeilaren 15ean eta 22an, museoko profesionalek gidatutako bisitaldi bereziak egingo dira. Bestetik, didaktika gunean, Espresionismo abstraktuaren sasoiko kontestu soziopolitikoa erakusten dauen bideoa dago ikusgai.
2017/02/03 - 2017/06/04
Bilboko Guggenheim MuseoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!