Bizkaiko Txakolinak 1,8 miloe litro produzidu zituan igaz

Bizkaie! 2017-02-02 08:33   Jan edanak

Jatorri Izendapenaren arduradunek azpimarratu dabenez, Bizkaiko Txakolinaren produktoreek kalidadearen alde egin dabe. Neurriz hazten segitzea da asmoa.

Jatorri Izendapenaren arduradunak, Bilbon egindako agerraldian (argazkia: Bizkaiko Txakolina) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon egindako agerraldi baten, txakolinaren Erregulazino Batzordeko presidente Iñaki Aretxabaletak igazko urteko balantzea egin dau. Beragaz egon dira José Ramón Calvo eta Antón Txapartegi, horreek be batzordeko arduradunak. Guztira, 2016an, 1,8 miloe litro txakolin produzidu ziran Bizkaian. Hazkunde txikia baina egokia egon dala uste dau Aretxabaletak.

Izan be, Bilboko agerraldian azaldu dauenez, Bizkaiko Txakolinaren helburua ez da askoz gehiago produzidutea, kalidadezko ardaoa egitea baino. Espainiako Nekazaritza Ministerioagaz adostutako moduan, 2016an % 1 baino ez zan hazi landatutako lurren zabalerea, hau da, lau hektarea gehiago. Jatorri izendapen txikia da Bizkaiko Txakolina, Aretxabaletaren esanetan. Halandabe, produkzinoan errekorra lortu da, 2009 eta 2012 bitartean landatutako mahastiak frutua emoten hasi dira eta.

Hurrengo urteetan hazten segidu nahi dau Bizkaiko Txakolinak, neurrian eta jasangarritasuna kontuan hartuta. Eguraldiagaitik eta Bizkaiko orografiagaitik, kantidade handirik inoz ezin izango da produzidu eta, hortaz, kalidadean eta dibersidadean sakondu nahi dabe.

Bizkaiko Txakolina hiru mahats klasegaz egiten da: Hondarrabi Zuri, Hondarrabi Zerratia eta Hondarrabi Baltza. Bizkaian, txakolin gehien-gehiena (% 98 baino gehiago) ardao zuria da. Halandabe, Jatorri Izendapeneko José Ramón Calvok adierazo dau, baltza be lekua hartzen hasi dala merkaduan. Estadu Batuak, Erresuma Batua eta Herbehereak dira Bizkaiko Txakolinaren atzerriko kontsumitzaile nagusiak.

Azkenaldion aldaketa batzuk be egin dituela azaldu dabe Jatorri Izendapenaren arduradunek. Kontraetiketa barria ipini da botiletan eta kalifikazino sistemea be aldatu da. Orain, dastaketetarako batzordeak 25 aditu ditu eta ebaluazino objektiboago eta sistematizaduago bat egiteko aukerea emoten deutsien jarraibideak emon deutsiez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu