Auzolana oinarri, Gipuzkoako herriarteko bertsolari txapelketea antolatu dabe

Bizkaie! 2017-01-30 13:12   Bertsolaritzea

Zezeilean hasiko dira saioak eta maiatzaren 27an jokatuko da finala, Azpeitian. 38 taldek emon dabe izena.

Txapelketako parte-hartzaileak (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako bertso mobimentua bultzatu, indarbarritu eta ikustarazotea da taldekako txapelketearen helburua. Lehia bera baino, parte-hartzea eta gozamena izango dira ardatzak. Bertsolari, epaile zein gai-jartzaile, danen txapelketea izatea da asmoa.

Bertsozale Alkartearen babesagaz, parte-hartzaileak eurak dira antolatzaileak. Hau da, herriarteko txapelketan ibiliko diran 267 bertsolari, ordezkari, gai-jartzaile, epaile eta abarrak. Auzolana izango da antolakuntzearen oinarria. Gipuzkoako Bertsozale Alkarteak laguntzino teknikoa eta koordinazinoa eskainiko ditu.

Kontuak kontu, 38 taldek emon dabe izena. Bakotxean, gitxienez sei lagun dagoz: Ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari. Horrenbeste talde antolatu ahal izateko, lau fasetan banatu dabe txapelketea. Lehenengo fasean, zezeilaren 3tik martiaren 12ra bitartean, talde guztiek kantauko dabe, hiruna taldeko 12 moltsotan banatuta (hiru moltsotan lau talde egongo dira).

Bigarren fasea, martiaren 23tik apirilaren 9ra izango da. Moltso bakotxeko onenak egongo dira hor, hau da, 12 talde. Hiruna taldeko lau moltsotan banatuta kantauko dabe bigarren fase honetan. Oraingoan be, moltsoko lehenengoak pasauko dira.

Finalaurreak, hau da, hirugarren fasea, saio bi izango dira: Maiatzaren 6an Alegian eta maiatzaren 13an Bergaran. Finalaurre bakotxean talde bi egongo dira eta irabazle biak helduko dira laugarren urratsera, finalera. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan izango da finala, maiatzaren 27an.

Antolatzaileek argitu dabenez, kanpoan geratzen diran taldeek txapelketan parte hartzen segiduko dabe, amaierara arte. Lehiatik kanpoko beste zeregin batzuk emongo deutsiez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu