Orotariko Euskal Hiztegiaren 5. argitaraldia aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2017-01-27 13:25   Euskerea berbagai

Bersino honetan, 1.169 sarrera barri dagoz. Antxinatik 20. mendera arteko euskal literaturearen erradiografia da lan hau, Andoni Sagarna hiztegiaren zuzendariaren arabera.

Andres Urrutia, Gabriel Fraile eta Andoni Sagarna, Donostian egindako aurkezpenean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian aurkeztu dau Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 5. argitaraldia. Aurreko edizinoak baino zabalagoa da hau, 1.169 sarrera barri dagoz eta. Ganera, zuzenketak egin ditue 4.000 berba baino gehiagotan. Guztira, gaur egun 145.318 sarrera ditu. Akademiaren webgunean dago hiztegia, edonorentzat eskuragarri eta doban (hemen).

Oraingo edizino barritu honetan, sarrera barri asko legearen eta administrazinoaren ganeko testuetatik atera ditu Euskaltzaindiak. Horretarako, balio historiko handiko hainbat testu arakatu ditue: Bizkaiko Batzar Nagusietako agiriak (1833-77), lehenengo Eusko Jaurlaritzearen aldizkari ofiziala (1936-37) eta erakunde publikoen beste dokumentu batzuk.

Argitaraldi honek urte biko ahalegina dauka atzean. Gabriel Fraile Euskaltzaindiko teknikariak azaldu dauenez, OEH osoagoa da orain, lege eta administrazino arloko berba gitxi izan ditualako aurreko edizinoetan. Gauza jakina da oraintsu arte gai hauek gitxi landu dirala euskeraz, baina egin dan apurraren barri eroan nahi izan dogu hiztegira, adierazo dau Frailek.

Andoni Sagarna OEHren gaur egungo zuzendariak edizino honetako barrikuntzek daukien garrantzia aitatu dau. Oso-osorik interneten kontsultau leitekeela gogoratu dau. Bilaketa aurreratuak egiteko aukerea emoten dau bersino digitalak eta, ganera, sarean dagoan Euskaltzaindiaren Hiztegitik be heldu leiteke Orotarikoaren informazinora, sarrera bakotxeko iturrien atalean klik eginda. OEHren balioaz be berba egin dau Sagarnak: Antxinatik 20. mendera arteko euskal literaturearen erradiografia dala esan geinke.

Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu dauenez, OEH Akademiaren apusturik sendoenetako bat da eta ondorengo urteotan be berau elikatzen eta zabaltzen segiduko dabe. Balio historiko handiko lana dala eta erabiltzaileen esku egon daiten ahaleginduko dirala esan dau Urrutiak, Donostian egindako aurkezpenean.

Euskaltzaindiak azaldu dauenez, hiztegigintzan dabizanentzako ezinbesteko erreferentzia da OEH, bertan jasoten diralako euskerazko liburu esanguratsu gehienak, hainbat aro eta euskalkitakoak. Hamasei liburukitan dago argitaratuta hiztegia, interneteko bersinoaz gan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu