Sestaoko toponimia batu dau Jorge Luis Tejedorrek liburu baten

Bizkaie! 2017-01-24 11:02   Euskerea berbagai

Herriko auzo, kale, ibai, baserri eta moilen izenak aztertu ditu Tejedorrek. Ikusi dauenez, leku-izen asko euskerazkoak dira Sestaon.

Jorge Luis Tejedor, liburuaren ale bat sinatzen (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sei urte inguruko lanaren ondorioa da Jorge Luis Tejedorrek atera barri dauen liburua. Gaur, urtarrilak 24, aurkeztu dau herrikideen aurrean. Lana bere ekimenez plazaratu dauen arren, Euskaltzaindiak eta Sestaoko Udalak laguntzinoa emon deutsie.

Erdi Arotik dagoz Sestaoren aitamenak agirietan. Portugaleteren, Trapagaranen eta Barakaldoren artean, eremu txikia hartzen dau Sestaok eta 19. mendera arte itsasadarraren ertzeko nekazari-herria izan zan. Industrializazinoak goitik behera aldatu eban herriaren izakerea eta, ondorioz, leku-izen barriak be sortu ziran. Fabrikek eragin sakona daukie herriaren gaur egungo toponimian.

Jorge Luis Tejedorrek, hortaz, toponimia hori guztia bilatu, ikertu eta atondu dau. Emoitzea, Sestaoko toponimia/Toponimia de Sestao liburua da. Gaur egun herrian erderea nagusi dan arren, toponimo asko euskerazkoak dirala ikusi dau Tejedorrek. Horrek Sestaoren bilakaera linguistikoaren barri emoten dau.

Liburuan hainbat lekutako izenak batu ditu: Auzoak, kaleak, etxeak, baserriak, ibaiak, moilak, eleizak eta abar. Erregistro bakotxaren kontestu historikoa eta linguistikoa aztertu ditu Tejedorrek. Izan be, bilketa lan honek badauka balio filologikoa, baina baita historikoa be. Hau da, historian zehar Sestaok izan dituen aldaketen lekuko dira leku-izenak eta informazino baliotsua emoten dabe herriaren garapena ezagutzeko.

Bilakaera horretan, industrializazinoak eragin sakona izan dau. Sestao goitik behera aldatu dauen fenomenoa izan danez, toponimoetan be nabari da. Fabriken izenetatik eratorritako toponimoak (La Iberia, Aurrera, San Francisco...) ugariak dira herrian. Beste leku batzuek izenari eutsi deutsie, baina izanari ez. Sasoi baten nekazarien eremu edo baserri ziranak auzo jentetsu bihurtu dira, adibidez Urbinaga.

Liburuzaina da ogibidez Jorge Luis Tejedor. Sestaoko euskal toponimia ezagutu eta berreskuratzeko gogoak bultzatu dau liburua idaztera. Horretarako, iturri ugari kontsultau ditu, antzinakoak eta barriagoak. Euskaltzaindiak gainbegiratu dau lana eta, holan, Akademiaren lan toponimikoetan sartu ahal izango dira liburuko datuak.

 

Adolfo Arejita berbetan liburuaren aurkezpenean, Tejedor alboan dauela

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu