Familietan euskerearen transmisinoa bultzatuko dau Getxoko Udalak

Bizkaie! 2017-01-20 08:20   Euskerea berbagai

Argitalpen eta berbaldien bidez, etxetik bertatik umeak euskerara hurreratzearen onurak zabalduko ditu Getxoko Udalak.

Getxoko udaletxea | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxoko Udalak uste dau etxetik bertatik hasi behar dala euskerearen transmisinoa lantzen. Hurrengo asteotan egingo dauen kanpainearen barruan, hainbat euskarritan azpimarratuko dau persona bakotxak dauen garrantzia, bakotxak ahal dauen neurrian, euskerea indartzeko. Getxoztarrek euskeraz ikasi eta bizi ahal izatea da asmoa. Horretarako, familietan eragitea izango da kanpaina honen oinarria. Ume txikiak daukiezan eta laster eukiko dituen gurasoei, etxetik bertatik umeei euskerearen aldeko jarrerea transmitiduteak daukan garrantziaz berba egingo jake.

Persona guztiok hizkuntza bat baino gehiago ikasteko gai gara eta, XXI.mendean, gure seme-alabak bi, hiru edo lau hizkuntza ikastera ailegauko dira; horreetariko bat euskerea izatea nahi dogu, eta ganera euskerea maitatzea eta bizi izatea be bai, adierazo dau Koldo Iturbe Getxoko Euskera zinegotziak. Helburu hori lortzeko, euskerearen transmisinoan eragiteko eskatu deutse familiei. Getxoko Udalak bide horretan sakontzeko laguntzinoa eta materiala eskuragarri ipiniko dituala ziurtatu dau Iturbek.

Lehenenik eta behin, Emoiozu bizia euskereari izeneko eskuorria emongo deutse Udalak erditzea preparetako saioetan dabizan gurasoei. Elebidun izatearen abantailak, aholkuak eta zalantzetarako argibideak azalduko deutsiez eskuorrian.

Bestetik, Udala Emon giltza kanpainan parte hartzen dabil eta horren bidez 2017an jaiotako umeei materiala bialduko deutse, hau da, etxean euskeraz berba egiteko oinarrizko hainbat elementu: musikea, euskerazko berbak, aholkuak eta abar.

Azkenik, eta berehala hasiko dan matrikulazino sasoiagaz lotuta, Udalak berbaldi bi antolatu ditu. Iñaki Eizmendi hezitzaile eta gizarteko aditua arduratuko da saioak gidatzeaz eta, bertan, seme-alabak eskolaratzerakoan sortzen diran zalantzak argitzen ahaleginduko da. Solasaldiak urtarrilaren 25ean eta 26an izango dira, Zabala eta Romo ikastetxeetan, hurranez hurran. Gaztelaniaz izango dira, No sabemos euskara. ¿Cómo podríamos ayudar a nuestros hijos e hijas izenburupean.

Aitatutako hiru ildoei buruzko informazinoa, eta baita umeen artean euskerearen erabilerea bultzatzeko ideak be, batzen dituan eskuorria argitaratu dau Getxoko Udalak. Argitalpena Getxoko etxeetara helduko da, aste honetako Getxoberri aldizkariagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu