Prozesu parte-hartzaileak 50 lagun inguru batuko ditu zapatuan
2017-01-19 09:35 Kulturea#BentaraNoa prozesuaren bitartez, Udalak gonbidapena luzatu deutse Getxoko herritarrei, bertoko historiari lotutako personei, alkarteei, gizarte edo enpresa eragileei, beren jakituria konpartidu deien zenbait espaziotan.
BentaraNoa prozesu parte-hartzaileak datorren zapatuan, hilaren 21ean, 50 lagun inguru batuko ditu Getxoko Andra Mari auzoan dagoan eta honezkero erabilten ez dan Benta eraikina barriro edegiteko idea eta giltzarrien marko bat eregiteko. BentaraNoa Getxoko Udalak sustatutako ekimen bat da, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EEk) EH Bildugaz 2016. urteko aurrekontuetarako egindako akordioaren barruan sartzen dana. 2016ko urrian hasi zan prozesua 2017ko urtarrilaren 21ean amaituko da, Getxo udalerriko 50 lagun inguruk parte hartuko daben entzute eta hausnarketa-topaketan, azaldu dau Amaia Agirrek, Komunikazino, Herritarren Partaidetza eta Gardentasun Arloko zinegotzi arduradunak.
Urritik urtarrilera bitarteko hileotan, #BentaraNoa prozesuaren bitartez, Udalak gonbidapena luzatu deutse Getxoko herritarrei, besteak beste, udalerriko biztanleei, bertoko historiari lotutako personei, alkarteei, gizarte edo enpresa eragileei, beren jakituria konpartidu deien zenbait espaziotan (aurrez aurrekoetan zein digitaletan) galdera, topaketa eta alkarrizketen bidez; Hileotan, 70 ordu baino gehiagoko aurrez aurreko alkarrizketak egin dira, eta Bentea barriro zabaltzeko 200 proposamen nahiz giltzarri baino gehiago batu dira, azpimarratu dau Amaia Agirrek.
Ideiak espazioarentzat
Alkarrizketetan parte hartu daben personak Bentan erabilera anitzeko espazioa eregiteko aukerea aztertu dabe, hau da, belaunaldien arteko leku integratzailea, edade desbardinetako lagunentzako edegia, askotariko konbinazinoak bilatzen dituana, malgua, eta ezagutzak nahiz bizipenak konpartidutea ahalbidetzen dauena. Horrezaz gan, auzoaren nortasunaren adierazgarri diran kutsuak jaso behar ditu, batez be, euskerea eta lehen sektoreagazko kontaktua. Era berean, eraikina alkartzeko erakargarria izateko eta pasaleku izateari ixteko, azpimarratu da tokiak barrea mantendu eta jarduera erakargarriak eskaini beharko leukezala, betibe gizarte-ikuspegia aintzat hartuta.
Proponidutako jarduerak honako gai honeekaz dagoz lotuta: ongizatea, elikadura osasungarria, gastronomia, konsumo arduratsua, prestakuntzea, garapen personala, ekintzailetzea, turismoa, teknologia nahiz sorkuntzea eta kultura-industriak. Jasotako proposamenak askotarikoak izan dira, erabilereari zein kudeaketa-ereduari jagokonez, baina guztiak bat datoz: horreen arabera, garrantzitsuena Bentea edegitea da, eta proiektuak auzoa suspertzeko lehenengo pausua izan behar dau.
Bai topaketa guztiak, bai gaitu diran bideetatik jasotako ekarpenak, modu edegi eta gardenean konpartiduten dabiz, webgunean nahiz sare sozialetan (Facebook eta Twitter). Gauzak holan dirala, alkarrizketea jarrai daiteke horretarako sortutako espazio digitalean, bertara sartzea sano erreza da www.getxo.eus/bentaranoa webgunean eta #BentaraNoa traolea erabiliz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!