Maiatzaren 14an egingo da Herri Urrats, '(H)aizu!' lelopean

Bizkaie! 2017-01-19 08:41   Euskerea berbagai

Urtero legez, Senpereko lakuaren inguruan egingo da Ipar Euskal Herriko ikastolei laguntzeko jaia. Ikastetxeetan obrak egitera bideratuko dabe batutakoa.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastolen aldeko udabarri guztietako hitzordua izaten da Herri Urrats. Aurten be ez dau hutsik egingo Senpereko hitzorduak, izan be, Seaska alkarteak azaldu dauenez, diru beharrean dagoz. Batez be, azken urteotan hasitako proiektuen obrak ordaindu ahal izateko behar dabe euskaltzaleen laguntzinoa. Batetik, Baionako Etxepare lizeoan eraikin berriak egiteko asmoa daukie eta, bestetik, Manex Erdozaintzi kolegioa handitzeko lanei ekin nahi deutsie.

Paxkal Indo Seaskako arduradunak azaldu dauenez, orain dala urte batzuk Lehen Hezkuntzan ahalegin handia egin eben, instalazinoak handitu eta ume gehiago euskerazko ereduetara erakarteko. Horrek eragina izan dau orain Bigarren Hezkuntzan. Ikastoletako umeak hazi ahala, kolegio eta lizeoetan be leku gehiago behar dala ikusi dau Seaskak.

Beraz, pozgarria da gero eta neska-mutil gehiagok hezkuntza arautu guztia euskeraz egitea, baina horrek eraikinak handitzeko eta hobetzeko beharra ekarri dau. Etxepare lizeoaren eraikin barriak 2017ko irailerako martxan egotea da asmoa. Indok dino obrak ondo doazala, epeei jagokenez.

Halandaze, maiatzaren 14an ipini dabe hitzordua, Senpereko lakuaren inguruko zirkuituan. (H)aizu! izango da leloa, zentzu bikotxa daukan esaldia. Batetik, haizu berbea dago (baimena edo egokierea). Gaur egun oraindino trabak dagozan arren, euskeraz bizitzea haizu izatea nahi dabe. Bestetik, agintariei eta herritarrei deia egin nahi deutsie: Aizu!

Aurtengo Herri Urratseko irudia Bruno Agerre artisteak egin dau. Ikastolen jaiko sinboloa izateaz gan, irudia Etxepare lizeo barriaren horman marraztuko dabe. Modu horretara, inguruko auzo multikultural eta herrikoiagaz bat egingo dau eraikin barriak.

Seaskako arduradunek dei egin deutsie herritar guztiei Herri Urratsera joateko, Ipar Euskal Herriko ikastolei behar daben babesa emon ahal izateko. Era berean, erakundeei finantziazino aldetik laguntzeko eskaria be egin dau Seaskak eta sortu barri dan Euskal Elkargora begira jarri da batez be.

Maiatzeko hitzorduaren aurretik be izango da, ganera, Herri Urratsegaz bat egin eta laguntzeko modua. Urtarrilaren 28an BECtso saioa egingo dabe Baionan. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantau eben zortzi bertsolariak izango dira oholtzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu