Kalidadezko euskerea bultzatzeko akordioa sinatu dabe Euskaltzaindiak eta EiTBk

Bizkaie! 2017-01-18 13:52   Euskerea berbagai

Hedabide publikoetan ereduzko euskerea erabili eta gizarteratzeko bidea zabalduko dau 2020ra arteko hitzarmen honek.

Euskaltzaindiko eta EiTBko ordezkariak, Bilbon egindako ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon sinatu dabe Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak 2020ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo dan lankidetza-hitzarmena. EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmen horretan jasoten danez,  talde horretako hedabideek kalidadezko euskera eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dabe hurrengo lau urteotan. Aldi berean, euskalkien aberastasuna agertzen be ahaleginduko dira, hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakotxari eta komunikazino egoera bakotxari jagokon eran. Aurretik egin izan dan legez, erespideok EiTBren estilo liburuak jasoko ditu.

Hori guztia aurrera eroateko, EiTBk Euskaltzaindiaren laguntzinoa eta kolaborazinoa izango ditu. Ganera, EiTBren testu-masa erabilten segiduteko aukerea emongo jako Akademiari. Holan, UZEI, Elhuyar eta IXA taldeakaz batera garatzen dabilen Lexikoaren Behatokia osotu ahal izango da.

Bestetik, urtean behin, Euskaltzaindiaren zuzendaritzeak txostena helarazoko deutso EiTBko zuzendaritzeari, hedabide publikoetan erabilten dan hizkuntza-ereduaren zuzentasunari eta egokitasunari buruz aholkua emoteko. Horrezaz gan, Akademiak erantzun zuzena emango deutso EiTBren Euskara Zerbitzuari, eta EiTBren zuzendaritzeak beharrezko ikusi ezkero, hitzarmen honegaz lotutako gaietan trebakuntza ikastaroak, jardunaldiak edo informazinoa emango deutso Akademiak.

Azkenik, hitzarmen barriaren helburuak bideratzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da; erakunde bietako kide bana izango dau batzorde honek. Gogoratu behar da 2003. urtetik datorrela EiTB eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzea, eta harrezkero kalidadezko euskerea sustatu eta zabaltzearen alde egin dabela erakunde biek.

Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak autortu dau itun barri honek bermea eta babesa ematen deutsazala EiTBri euskerearen arloan. Beraz, etorkizunean be bidelagun izango dogu Euskaltzaindia, gure hedabideetan kalidadezko euskera estandarra erabili eta bultzatzen lagunduko deusku, ganeratu dau. Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogoratu dau aspaldikoa dala erakunde bien arteko alkarlana: Aspaldiko alkarlan bat badago, jarraikortasun bat, Akademiarentzat Euskal Telebista guztiz estrategikoa dalako, giltzarria, besteak beste, bere hedabideen bitartez Akademian erabagitzen doguzan hainbat ohar eta arau bideratzen eta gizarteratzen diralako.

Akordioagaz pozik dagoala nabarmendu dau euskaltzainburuak: Pentsetan dogu azken hiru urte honeetan sekulako aurrerapausoa egin dala EiTBn, guri eskatutako gomendio, erespide eta bestelakoak zelan aplikau diran ikusita. Baina ez hori bakarrik. Akademiak argitaratu barri dauen Hiztegian edozenbat adibide jasotzen dira EiTBko testu-masatik hartuta dagozanak.

Hizkuntzearen erabilera jasoa bermatzea da hitzarmenaren helburu nagusia, eta garrantzitsuak dira, ganera, onomastika eta toponimia alorrean hartzen diran erabagiak. Toponimiaren garrantzia izugarria da euskerearen herrialdeetan, azken baten, horrek kultura eta hizkuntza baten inguruan batzen gaituelako; eta horretan komunikabideek zeresan handia daukie, adierazo dau Urrutiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu