Argentinako Euskal Echea-ri ENE Saria emon deutso Eusko Ikaskuntzak

Bizkaie! 2017-01-18 12:11   Euskerea berbagai

Mundu zabalean euskerearen alde lan egiten daben erakundeak nabarmentzen ditu ENE Sariak. Gasteizen izan da saria emoteko ekitaldia.

Saria emoteko unea (argazkia: Eusko Ikaskuntza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Miren Arzalluz Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Argentinako Euskal Echea-ko ordezkariak (Simón Pedro Soroet presidentea tartean) egon dira, goizeon Gasteizko Oihaneder Euskerearen Etxean egindako ekitaldian. Onarpen publikoaz gan, Nestor Basterretxea eskultoreak diseinautako oroigarria jaso dabe Euskal Echea-koek.

Argentinan euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako lana autortu nahi izan deutso Eusko Ikaskuntzak erakunde sarituari. Euskal Echea. Asociación Cultural y de Beneficencia da alkartearen izen osoa. 1904an sortu eben Argentinara joandako euskaldun batzuek. Gaur egun, 3.000 bat ikasleri eta 60 adineko ingururi arretea emoten deutse Euskal Echea-k, komunidade euskal-argentinarra oinarri. Buenos Aires eta Llavallol urietan daukaz egoitzak.

Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, iragarri eban ENE Saria Euskal Echea-ri emongo eutsala. Behin albistea jakinda, Argentinako ordezkariak Euskal Herrira etorri dira eta gaur, urtarrilak 18, Gasteizen egindako ekitaldian parte hartu ahal izan dabe. 2006an sortu eban Eusko Ikaskuntzak ENE Saria, helburu honegaz: Munduan zehar hizkuntzearen eta kulturearen mesedean lan jarraia egiten dabizan erakundeen lanen autortzea egin, ikusgarritasuna emon eta aurrera jarraitzeko bultzadea emotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu