Mungiako Berbalagun programea martxan da
2017-01-18 09:43 Euskerea berbagaiEuskeraz berba egiteko aukera askorik ez dabenei aukera bat eskaintzea da proiektuaren helburua. Berbalagun proiektuaren aurkezpena urtarrilaren 20an, arratsaldeko 19:00etan izango da, Mugire Txokoan.
Urte barriagaz batera, martxan da Mungiako Berbalagun programea. Euskal Herri osoan ezaguna dan fenomeno honek, indarra hartu nahi dau gure herrian bere. Berbalagunek euskeraz gozetako konbita egiten deuskue Praktikau eta bizi! lemapean.
2004an sortu zan Berba-txokoa proiektua Mungian. Ekimen horren helburua zan: euskeraz berba egiteko aukera askorik ez dabenei (euskaldun barri eta zahar) horretarako aukera bat eskaintzea. Ordutik euskera alkartearen laguntzinoagaz, Berba-txokoak hamabi urteko ibilbidea egin dau, batzuetan indartsuago eta beste batzuetan ahulago. Halan da be, azken urteotako uztea nahikoa eskasa zala ikusita, helburu bardintsuak dituan Berbalagun proiektuagaz bat egiteko modurik ete dagoan aztertzen ibili da Euskerearen Aholku Batzarra. Izan bere, Berbalagun dinamikea Euskal Herriko eskualde askotan sano errotutako egitasmoa da eta emoitza politak izan dituana. Beraz, gaia ondo aztertu ostean, 2017ko urtarriletik bagilera bitartean Berbalagun ekimen berezia abian jartea erabagi da.
Berbalagun proiektuan izena emoten dabenek, astean zehar ordu beteko saio bat izango dabe, euren artean modu librean berba egiteko, eta gero ekintza osogarrietan hartuko dabe parte. Ekintza osogarri horrek taldekideen interesen arabera aukeratuko dira (mendira ibilbideak, sukaldaritza saioren bat...), eta ahal dan guztietan, herriko alkarteakaz lankidetzan antolatuko dira, aurtengo ekimen honen helburua bikotxa dalako: batetik, euskeraz berba egiteko aukerarik ez dauenari aukera hori eskaintzea, eta bestetik, egitasmo hau herriko euskaldunak aktibetako bide bihurtzea.
Izena emoteko epea joandako zemendian zabaldu zan arren, parte hartzeko interesa daben guztiek edozein momentutan apuntau ahal izango dira (ganera ekintza osogarriak edegiak izango dira). Parte hartzeko interesa dabenek Uribe Butroeko AEK euskaltegian, Mungiako Udal Euskaltegian edo Udaleko euskera zerbitzuan dabe izena emoteko aukerea, baita telefonoz (607.601.302 whatsapp) edo e-postaz (kinttopeko@aek.eus) bere. Informazino gehiagorako blog-a be badago:
http://uribebutroe.blogspot.com.es/
Berbalagunen aurkezpena barikuan, urtarrilaren 20an, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Mugire Txokoan. Irlandar bat izango da gure artean, Barry Manley-k Why I learnt ur Language / zergaitik ikasi nuen zuen hizkuntza barre-bakarrizketea eskainiko deusku. Umorezko bakarrizketa honetan, musika eta zuen laguntzaz azalduko deusku zelan eta zergaitik ikasi dauen gure hizkuntzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!