Gazteentzako Harrapazank programan izena emoteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2017-01-17 07:56   Euskerea berbagai

Gazteen artean kulturea, sormena eta euskerea bultzatzea da egitasmoaren helburua, ondo pasetearen bidez. Bilboko Udala eta Topagunea dira antolatzaileak.

Igazko galako parte-hartzaileak (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Harrapazank programearen 13. edizinoa ohi baino luzeagoa izango da. Izan be, ez da maiatzeko galeagaz amaituko, uda ostean jarduera gehiago egongo dira eta. Ganera, egitarauan sorpresa ugari egongo dirala aurreratu dabe antolatzaileek.

8 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat Bilbon antolatzen dan jarduera moltsoa da Harrapazank. Sormena eta ondo pasetea dira jardueren oinarriak eta, holan, gazteek euren talentua erakusteko saioak zein esperimentazinoa lantzeko tailerrak egoten dira. Hori guztia, euskeraz.

Distirazank da egitarauaren barruko ekimenetako bat. Aurreko edizinoetan Harrapazank Eszena zan atal horren izena. Gazteek jantzan, kantuan, bakarrizketetan, bertsotan, magian edo dana dalako esparruan daukien talentua erakutsi leikee hor. Kastinen bidez, onenak aukeratuko dira eta hobetzeko jarraibideak emongo jakez. Kategoria bi dagoz Distirazanken: Junior (13 urtera arte) eta senior (18 urtera arte). Maila bakotxeko hamar talde aukeratuko ditue, maiatzeko galetan parte hartu daien. Uda ostean be saio gehiago egongo dira.

Probazank da programearen beste atal nagusia. Harrapazank eta Bilrobot tailerrak dagoz horren barruan. Grafitia, DJa, sukaldaritzea, smartphoneko argazkigintzea... landuko dira tailerrotan. Era berean, 12 urtera artekoek errobotikaz eta teknologia barriez gehiago ikasi ahal izango dabe, Bilrobot lantegietan. Bestetik, selfien lehiaketea eratuko dabe.

Harrapazank programako jardueretan parte hartzeko izena emoteko epea zabaldu dabe Bilboko Udalak eta Topaguneak. Webgunearen bidez apuntau behar da eta gurasoen baimena be aurkeztu da.

Bideoa be egin dabe, 2017ko Harrapazank aurkezteko (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu