Jonathan Castroviejo, Getxoko kirolaririk onena 2016an

Bizkaie! 2017-01-13 09:43   Euskaldunak munduan

Jonathan Castroviejok erloju kontrako modalidadean Europako txapelketea irabazi dau, brontzezko dominea Munduko Txapelketan eta laugarren postua Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan.

Jonathan Castroviejo txirrindularia hautatu eben 2016ko Getxoko kirolaririk onena Faduran egindako kirolari eskainitako Getxo Sasoi Sasoian Sarien X. Galan. Denporaldi bikaina egin ondoren egin jako autorpena txirrindulariari, zehatz esateko, erloju kontrako modalidadean Europako txapelketea irabazi dau, brontzezko dominea Munduko Txapelketan eta laugarren postua Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan.

Epaimahaiak, Getxo Kirolakeko eta Getxoko Udaleko personal teknikoak eta kirolagaz lotutako herriko erreferentziazko lagunek osotuak, MoviStar Team taldeko txirrindularia aukeratu eban Irati Urbaneja eta Mercedes Aristegui tenis jokalarien, Ekaitz Pinedo eta Xabier Pereda karateken eta Bárbara Pla errugbilariaren aurretik. Aitaturiko kirolari horreek banakako autorpenak jaso zituen.

Castroviejok, Bizkaiko kirolaririk onenaren saria jaso barri dauenak, ezin izan eban galara etorri (aita Ernestok hartu eban saria), denporaldi-aurreko entrenamenduakaz hasita baitago Getxotik urrun. Getxotik joan aurretik grabauta itxi dauen bideoan, txirrindulari getxotarrak eskerrak emoten deutseez bere sendikoei eta saria emon deutsienei. 2017ari begira, Castroviejok bere helburu nagusiak laburbatzen ditu: kirol mailea hobetu Munduko Txapelketea irabazteko, astebeteko itzulietan parte hartu, esate batera, Tirreno-Adriatikon, eta Nairo Quintana taldekidea lagundu Tourra irabazten.

Herriko kirol-komunidadea ordezkatzen daben 300 bat persona batu ziran sari horreen hamargarren edizinoa ospatzeko be balio izan eban ekitaldian. Aurkezpenean, Imanol Landa alkateak balantzea egin eban: urte honeetan etenbarik bidelagun izan dogun alderdi bat azpimarratuz, hain zuzen, kirol-komunidade handi bat dogunaren egiaztapena eginez, bai aniztasunari bai kalidadeari jagokonez. Landak, ganera, Sasoi Sasoian Sarien palmaresean jasoten diran autorpen bakotxaren atzean dagozan banakako nahiz taldekako historia asko eta asko gogoratu nahi izan zituan: Hunkitzen gaituen eta irakaspena emoten deuskuen gainditze-historiak; alkartasuna eta konpromisoa islatzen daben historiak; talentua eta sendotasuna islatzen dabenak; azken batean, gizarte legez metatzen gagozan gauza on guztien kontaketea ehuntzen daben historiak.


Taldekako sariak

Galan zehar, Udalak taldekako hainbat sari emon zitaen: gizonezkoen junior mailan, Getxo Kirol Berriak saria C.D. Getxok jaso eban eta, emakumezko junior mailan, teniseko R.C. Jolasetak. Senior mailan, barriz, autorpenak emakumezkoen Raspas Arraun Taldearentzat eta gizonezkoen Club Tenis Fadurarentzat izan ziran.


Sari bereziak

Sari bereziei jagokenez: mito dan kirolariaren Aitzindaria saria Julio de Solaun hockeyko nazinoarteko jokalariak irabazi eban; horrek Joko Olinpiko bitan hartu eban parte eta, ganera, munduko txapeldunorde izan zan 1971n. Kiroltasuna saria Agustín López de Letona judoko entrenatzailearentzat izan zan. Getxo Berrituz saria Igeretxe Hotelak jaso eban bere kirol-eskaintzeagaitik. Era berean, emakumezkoen kirola sustatzen egindako lana be autortu zan Berdintasuna indartuz sariagaz, izan be, Getxo Ugerketa Bolue Kirol Alkarteari emon jakon. Ezgaitasunen bat daben personakaz egindako lana Marka Hautsiz sariagaz saritu zan eta, oraingoan, sari hori Hockey Plus Getxo taldearentzat izan zan. Elecnor enpreseak jaso zuen Getxo Zabala saria Arenas Klubaren babesletza lanagaitik.

Sari-banaketan beste sari bat be banatu jaken Bárbara Pla, Rocío Ibarra, María López de Eguilaz, Asier García eta Jonathan Castroviejo berari be, Río de Janeiroko Joko Olinpikoetan izandako parte-hartzeagaitik.

Azkenik, Kiroletako zinegotziak, Álvaro Gonzálezek, opari bat (udalerriko kirolarien irudiez osoturiko collage bat) jaso eban Getxoko kirol taldeen partez, azken hamar urteotan harek kirolaren alde egindako lana eskertzeko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu