Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Areatza eta Errezil UEMAn sartuko dira zapatuan
2017-01-11 09:42 Euskerea berbagaiBatzar nagusia egingo dau UEMAk urtarrilaren 14an eta bost udalerriok batuko jakoz. Modu horretara, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak 240.000 biztanleko eremua hartuko dau.
Euskerearen arnasguneen sarea izateko asmoan aurrera doa UEMA. Azkenaldion udalerri batzuek mankomunidadetik urteteko erabagia aztertu daben arren, orokorrean hazten doan erakundea da, gero eta udalerri gehiago batzen jakoz eta. Hurrengo bostak, zapatuko batzar nagusian onartuko ditue: Bizkaiko bi (Larrabetzu eta Areatza) eta Gipuzkoako hiru (Mendaro, Errezil eta Ataun).
Zapatuan sartuko diranez gan, beste lau udalek be bat egin dabe UEMAgaz agintaldi honetan (Ea, Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorretak). Bederatzi udaletako ordezkariek eta UEMAko arduradunek agerraldia egin dabe Larrabetzun. 2017a urte garrantzitsua izango dala azpimarratu dabe, UEMAk hazten segiduko dauelako eta arnasguneen autortzea sendotzeko urtea izango dalako.
Josu Labaka UEMAko lehendakariak gogoratu dauenez, mankomunidadeak 25 urte bete ditu dagoeneko eta atzera begiratzeko aukerea emoten dau horrek, egindako bidea ikusteko. Sorrerako batzarrean 17 udalek parte hartu eben, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari jagokonez, azaldu dau Labakak. Agintaldi honen hasikeran 72 udal egozan UEMAn eta orain hamar gehiago dira (bederatzi barri sartu dira eta Ezkio eta Itsaso banandu egin dira).
Azkenaldion batutako udalerriei esker, gaur egun 82 herri eta 240.000 biztanleko eremua hartzen dau UEMAk. Ganera, aurrerago be udalerri gehiago batzeko esperantzea dauka Labakak, beste hainbat herrik erakutsi dabe kide izateko gogoa. UEMAn sartzeko erabagia iraunkorra izan daiten, adostasun zabala bilatzen da udaletan.
Larrabetzun, mankomunidadean sartuko dan herrietako baten, egingo da UEMAren batzar nagusia, zapatuan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia, kultur etxean. 2017ko egitasmoa onartuko dabe, honako helburuakaz: udalak ez eze udalerriak be euskalduntzea, herritarren sensibilizazinoa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunak jagotea. Josu Labakak nabarmendu dauenez, UEMAk alkarlanean segiduko dau bidea egiten, baina baita euskerearen aldeko erabagi ausartak eta aurrerakoiak behar dan moduan hartuz eta bideratuz be.
Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak, bestetik, adierazo dau beharrezkoa dala UEMAko kide izatea, larrabetzuarrak inoz baino euskerearen herritarrago izango diralako. Helburua izango da, Larrabetzun euskerea hizkuntza erabilia eta bizia izatea. Horregaitik, herriko talde, erakunde, alkarte eta biztanle guztiei dei egiten deutse Gazteluk, konpromisoa hartu daien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!