Euskal Sagardoa izendapena sortu dabe

Bizkaie! 2017-01-10 08:02   Jan edanak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sagardaogileek bat egin dabe jatorri izendapen barrian. Bertoko sagarrez egindako sagardaoa bultzatzea da helburua.

Erakundeetako ordezkariak eta produktoreak, Euskal Sagardoa aurkezteko ekitaldian (argazkia: Hazi Fundazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte bertoko sagardaoa sailkatzeko egon diran kalidade-prozesuak barritu ditu erakunde publikoek eta produktoreek aurkeztutako izendapen barriak. Eusko Label Sagardoa markea albo batera itxi eta Euskal Sagardoa sortu dabe. Era berean, Gorenak markeari eutsi deutsie.

Epe luzerako helburu garbi bat dauka plangintza barriak: Euskal Sagardoa markapean egiten dan sagardao guztia berton hazitako sagarretatik ateratzea. Hori ez da betetzen gaur egun, baina 2032rako lortu nahi dabe.

Bide horretan laguntzeko, orain arte ekimen pribadukoa izan dan Gorenak markea publiko eta ofizial egingo dabe. Marka horren zigiluagaz merkaturatzen dan sagardaoa atzerriko sagarrakaz eginda egon ahal izango da. Normalean, Asturiasetik eta Normandiatik ekarten ditue horreek sagarrak. Euskal Sagardoa markea bertoko sagarra baino erabilten ez dabenentzat gordeko da.

Jatorria ez eze, kalidadea be bermatuko dau Euskal Sagardoa izendapenak. Zigiludun lehenengo botilak udabarrian merkaturatuko dira. Sagar gorri bat izango da logotipoaren oinarria. Pausu hau emoteko egon dan alkarlana azpimarratu dabe Euskal Sagardoa izendapenaren aurkezpenean. Batetik, sagardaoa egiteko orduan produktoreen artean egon diran ikuspegi nagusi biak batu ahal izan diralako. Bestetik, erakunde publikoakaz be hartu-emon ona sortu dalako.

Aurrerantzean, beraz, 35 produktorek lan egingo dabe Euskal Sagardoa markapean. Hau da, Eusko Label izendapenean egozanak baino 11 gehiago. Gehienak Gipuzkoarrak dira, baina badagoz Bizkaiko bost (Gatikako Eguzkiza eta Etxebarrieta; Gizaburuagako Laneko; Markina-Xemeingo Axpe; eta Zornotzako Uxarte) eta Arabako bat (Aramaioko Iturrieta). Danen artean, 1,3 miloe litro produzidu ditue hastear dan denporaldirako. 115 sagar klase dagoz sartuta jatorri izendapenean.

Bestetik, Gorenak izendapenean nahi daben produktore guztiak sartu ahal izango dira, baldintzak bete ezkero. Orain arte, hamahiru kideko zigilu pribadua izan da, baina orain publikoa izango da. Kasu honetan, kanpoko sagarrak erabilten segidu ahal izango dabe, sagardao guztia bertoko sagarrakaz egin ahal izan arte. Euskal Sagardoa zein Gorenak zigilupean egiten dan sagardaoak Hazi Fundazinoaren kontrol zorrotza pasau beharko dau.

Sagardaoaren alorreko aldaketa honek onurak ekarriko dituela dinoe erakunde publikoetako ordezkariek. Batetik, euskal sagardaoa nazinoarteko merkadura zabaldu nahi dabe, txakolinak sasoi baten egin eban legez. Horrek bertoko nekazari eta sagardaogileen baldintzak hobetuko leukezela uste dabe, sagarraren prezioak gora egingo leukeelako. Bestetik, bertoko sagarra bultzatuko litzateke, kanpokoen aldean. Horretarako, baina, sagasti gehiago behar dirala dinoe produktoreek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu