Khumbu izotz-jausia ekipetan hasi da Alex Txikon

Bizkaie! 2017-01-09 13:17   Euskaldunak munduan

Everesteko tontorrerako bidean, lan luze eta gogorrenetako bat bertan topau dau Alex Txikonek.

Everest igoteko erronkearen barruan, zati honi deutsat errespeturik handiena, dino Alex Txikonek, bildurra emoten deust honetan denpora gehiegi emotea. Izan be, txarrenean hilabete inguru behar izango dabe Khumbuko malda guztiak ekipetako eta hori denpora larregi izan leiteke. Behe Kanpalekuaren eta Lehen Kanpalekuaren artean dago Khumbu.

Lan gogorra egiten dabiz, beraz, Alex Txikon eta bere lantaldea. Eskailera ugari igon eta ipini behar ditue, izotzean dagozan arrakalak pasau ahal izateko. Izotz plakez osotutako labirinto hau burukomin itzela da, dino Lemoako mendizaleak. Pisu asko igon eta buelta asko emon behar ditue, bidea modu egokian ekipau ahal izateko. Hamaika lagun dabiz lan horretan: Txikon, bere lantaldea eta bost sherpa laguntzaile.

Everest neguan igoteko helburua pazientziagaz lortu beharko dau Txikonek. Behe Kanpalekutik (5.250 m) Bigarren Kanpalekura (6.400 m) heltzeko, hilabete inguru beharko dabela kalkulau dau Lemoakoak. Khumbuko izotz-jausia da, hain zuzen, tarte horretako traba nagusia.

Orain arte, arazo handirik ez dau izan Alex Txikonen lantaldeak Everesten. Halandabe, haize gogorrak denda bi apurtu deutsiez. Apurka-apurka doaz gora, izotzak dakarren arriskua beti gogoan. Everesten magaletik bialdu dauen azken informazinoaren arabera, 5.600 metrora heldu da espedizinoa eta 700 metro soka ipinita ditu dagoeneko. Haizea oztopo nabarmena dan arren, Alex Txikonek dino indartsu eta motibauta ikusten dauela bere burua.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu