Korrikaren ibilbidea aurkeztu dau AEK-k

Bizkaie! 2017-01-09 13:20   Euskerea berbagai

Otxandiotik Iruñera joango da 20. Korrikaren lekukoa, martiaren 30etik apirilaren 9ra. Ibilbidearen eta ordutegien barri emon dabe.

Aizu aldizkariak plazaratu dauen mapea | Ikusi handiago | Argazki originala

Batzuk lelopean, 2.535 kilometroko bidea egingo dau Korrikak aurten, AEK-k jakitera emon dauenez. Otxandiotik martiaren 30eko 17:00etan urten eta, egun horretan bertan, ibilbideko lehenengo uriburura helduko da, Gasteizera hain zuzen. Lehenengo eguneko iluntzean helduko da Arabako uriburura euskerearen aldeko martxea.

Hurrengo kilometro eta egunak Euskal Herriko hegoaldeko eskualdeetan pasauko ditu Korrikak: Trebiñu, Lizarra, Erribera... Ondoren, norabidea aldatu eta Pirinioak zeharkatuko ditu, Nafarroa Beheraraino. Donibane Garazira apirilaren 2an heduko da, goizean. Egun bereko arratsaldean, Baionan izango da Korrika. Apirilaren 3an, Euskal Herriaren iparraldeko muturra zeharkatuko dau, Maulera heltzeko, eta Nafarroara abiatuko da gero.

Gipuzkoan sartuko da Korrika hilaren 4an. Egun horretako arratsaldean Donostiara helduko da. Ondoren, Gipuzkoa alderik alde zeharkatu eta, goizaldean, Bizkaiko lurretan sartuko da. Ondarroara apirilaren 5eko goizean (10:20ak inguru) helduko da. Lekeitio pasau eta, arratsaldean, Gernika (17:30), Bermeo (19:39) eta Mungia (22:00) bisitauko ditu.

Apirilaren 6an, Bizkaiko herririk jentetsuenetara joango da Korrika. Lehenik eta behin, Ezkerraldetik ibiliko da. Arratsaldeko 16:52an Bilbora heltzea aurrikusi dau AEK-k. Hainbat ordu egingo ditu Korrikak Bizkaiko uriburuan, gauean Txorierri aldera jo aurretik.

Apirilaren 7ko goizaldean Arratia zeharkatuko dau lekukoak eta Arabara helduko da goizean. Geroago, barriro Bizkaira sartuko da. Durangon 18:46ean egongo da. Eibarretik be egingo dau osterea (22:43). Hurrengo eguna, batez be, Gipuzkoako barrualdean pasauko dau.

Azken eguna, apirilaren 9a, Sakanan hasiko dau Korrikak. Berehala helduko da Iruñera eta 12:30ean amaiera jaia egingo da Sarasate pasealekuan. Aizu aldizkariak plazaratu dau Korrikaren ibilbide zehatza (hemen).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu