Luis Ortiz Alfauren biografia plazaratu dau Gogora institutuak
2017-01-05 08:31 KultureaAnder Izagirrek idatzi dau El siglo de Luis Ortiz Alfau. Memoria historikoa berreskuratzeko bildumearen lehenengo alea da.
Ehun urte ditu Luis Ortiz Alfauk, baina bere ibilerei buruzko liburuaren aurkezpenean izan da. Gerra Zibileko eta horren osteko diktadurako gertakariak jaso, aztertu eta gizarteratzea ezinbestekoa dala aldarrikatu dau. Ortiz Alfauk berak, bertatik bertara bizi izan zituan gerrea eta errepresinoa.
Ander Izagirre kazetariak azaldu dauenez, Luis Ortiz Alfauren bizitzea pelikula bat egiteko modukoa da. Gerrako eta gerraosteko jazoerak ezagutzeko persona aproposa dala dino, gure historiako azken 80 urteotako momentu nagusietan egon da. 19 urte zituan Ortiz Alfauk Gerra Zibila hasi zanean. Gernikako bonbardaketea eta Intxortako gudua bizi izan zituan eta, ondoren, galtzaileen bandoan egokitu zan ezkero, Frantziako kontzentrazino esparruetan egon zan. Azken urteotan, memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagaitik nabarmendu da.
Gazteek euren herriko memoria historikoa ezagutzeko erreminta bat da liburua, adierazo dau Aintzane Ezenarrok, Jaurlaritzaren menpeko Gogora institutuko zuzendariak. Giza eskubideen urraketea eta horri aurre egiteko modua dira liburuaren ardatza, Ezenarroren esanetan. Gogorak bultzatutako Memoriak bildumako lehenengo alea da El siglo de Luis Ortiz Alfau.
Euskadin azken hamarkadetan gertatutakoaren ganeko memoria osotutea da Memoriak bildumearen helburua, Gogora institutuak azaldu dauenez. Puzle horretako lehenengo piezea da Ander Izagirrek idatzitako biografia. Luis Ortiz Alfauk berak, honako hau adierazo dau, Bilbon egindako aurkezpenean: Memoria historikoa kutxa baten gordeta euki dabe agintariek orain arte. Gaur egun, danon artean bataila hori irabazten gagozala uste dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!