Euskal literatura baltza aztertuko dabe Baztanen, hilaren 16tik 22ra

Bizkaie! 2017-01-04 12:47   Kulturea

Ilbeltza topaketearen hirugarren edizino honetan, genero hori landu daben hainbat idazlek parte hartuko dabe.

Antolatzaileak, aurtengo kartela erakusten (argazkia: Ilbeltza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pixkanaka, topaketa literarioen egutegian lekua egiten hasi da Ilbeltza, Baztango Euskal Nobela Baltzaren Astea. Aurtengoan be, egitarau bete-betea dakar, urtarrilaren 16tik 22ra. Literatura baltzaren alorrean azkenaldion izan diran euskerazko nobedadeak ezagutu ahal izango dira eta, ganera, beste formatu batzuei lekua egingo deutsie, adibidez ikus-entzunezkoei eta bertsolaritzeari.

Hilaren 16an, Patxi Larrion idazleak zabalduko dau astea, Arizkungo liburutegian. Feriatzaileak nobelea aurkeztuko dau, 1960ko hamarkadan kokatutako istorioa. 18an, Anizko alkartean, Miel A. Elustondok berbaldia emongo dau, Beltz guztiak ez dira bele (Gotzon Garateren oroimenean) izenburupean. Biharamunean, Patziku Perurenak Hilen xarma liburuaz egingo dau berba Berroetako Gure Ametsa alkartean.

Urtarrilaren 20tik aurrera, beste formatu batzuk helduko dira Baztanera. Esaterako, ikus-entzunezkoetan, Euskal Harriaren ABDak proiektuko film laburrak ikusi ahal izango dira eta, 21ean, kontzertua egongo da Erratzun, Markos Untzetaren eskutik. Egun hori bete-betea izango da: Itxaro Bordak, Eneko Aizpuruak, Miren Gorrotxategik eta Ander Odriozolak euren liburuen barri emongo dabe eta mahai-ingurua be egongo da, Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik gaia ardatz dala.

Azken egunean, hilaren 22an, hitzordu bi izango dira Ilbeltzan. Batetik, antzeztutako ipuin-kontaketea Lekarozen. Bestetik, bertso-tramea Elizondon, Andoni Egaña, Julio Soto, Onintza Enbeita eta Alaia Martinegaz. Gai-jartzailea Josu Goikoetxea izango da. Euskal Nobela Baltzaren Astearen egitarau osoa hemen ipini dabe antolatzaileek.

Ilbeltzako egitarauaren barruan aurkeztuko diran liburuen zerrendeak erakusten dauenez, nobela baltzak badauka lekua euskerazko literaturan. Genero horren nondik norakoak sakonago lantzeko zein zaleak eta idazleak alkarregaz hartu-emonean ipinteko hitzordu aproposa izango da Baztangoa.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu