1936an hildako autoreen idazlanak jaubetza publikokoak izatera pasau dira

Bizkaie! 2017-01-04 09:45   Kulturea

Espainiako legeek idazlea hil eta beste 80 urtez babesten ditue egile eskubideak. Hortaz, jaubetza publikora pasau dira, besteak beste, Aitzol, Unamuno eta Txirritaren obrak.

Jose Ariztimuño, Aitzol, 1936ko Bertso Guduan berbetan. Atzean, bertsolarien artean, Txirrita dago (argazkia: Jesus Elosegi/BERRIA) | Ikusi handiago | Argazki originala

1936an entzute handiko hainbat autore hil ziran, halabeharrez holan egokitu zalako eta Espainiako Gerra Zibilean hainbat hil zituelako be bai. Tartean dagoz euskeraz idazten eben sortzaile batzuk. Egia da, orain arte be, euskerazko autore horreetako gehienen lanak modu nahiko librean zabaldu izan dirala, baina aurrerantzean ez da egongo ezelako trabarik, Espainiako legeen arabera behinik behin. Espainiako Biblioteka Nazionalak zerrendea atera dau, jaubetza publikora pasau diran autoreen izenakaz (hemen).

Esate baterako, jaubetza publikora pasau diran autoreen artean dago Jose Ariztimuño, Aitzol. Abadea ez eze, kazetari eta idazlea izan zan Tolosan jaiotako Aitzol. Makina bat artikulu idatzi zituan, euskeraz zein gaztelaniaz, baita liburu batzuk be. Euskal letren sustatzaile sutsua izan zan (Orixeri Euskaldunak poema-bildumea egiteko enkargua egin eutsan). Abertzalea be bazan Aitzol eta faxistek fusilau eben 1936ko urriaren 17an, torturau eta gero.

Era paketsuagoan hil zan Jose Manuel Lujanbio, Txirrita. Bat-bateko bertsogintzan ez eze (Euskal Herriko txapeldun izan zan 1936an bertan), bertso jarrietan be trebea zan Txirrita. Hainbat bertso-bilduma plazaratu zituan, bere sasoiko gizartearen eta egoera politikoaren lekuko diranak. Zaharra zan arren (1860an jaio zan Ereñotzun), 1936ko maiatzaren amaiera aldean Goizuetan egoan Txirrita, bertsoak abesteko prest, baina ondoezak jo eta handik egun batzuetara hil zan, Altzan.

Miguel Unamuno bilbotarra, bestalde, 19. eta 20. mendeen arteko gaztelaniazko autorerik ospetsuenetako bat izan zan. Gaur egun erreferentziazko pentsalaria da oraindino. Gehienbat erderaz idatzi eban arren, euskerazko idazlan batzuk be atera zituan. Euskereari kritikea be egin eutsan, baina. Gerrak atsekabea ekarri eutsan arren, berez hil zan, 1936ko abenduaren 31n. Faxistek etxean atxilotuta eukien Unamuno une haretan.

Ramiro de Maeztu gasteiztarraren obrea be egile eskubideetatik libre da urtarrilaren 1etik. Batez be kazetaria izan zan, baina poesia, ipuinak eta nobelak be idatzi zituan. 98ko belaunaldiko kidea izan zan. Errepublikearen aldekoek fusilau eben, Madrilen.

Beste autore batzuen izenak be agiri dira Espainiako Biblioteka Nazionalak argitaratutako zerrendan. Esaterako, Gurutz Sarasola Lotsati olerkari gipuzkoarra, 21 urtegaz hil zana. Euskal Herritik kanpokoen artean, Ramón María del Valle Inclán eta Federico García Lorca dira, beharbada, aitagarrienak.

Txirritak aitatu eban, bertsoaldi ezagun baten, beste 80 urtian izango zirala haren aitamenak. Pasau dira 80 urteak eta aitamen ugari egiten jakez Txirritari, Aitzoli, Unamunori eta abarri. Aurrerantzean, egile eskubideetatik libre egongo dira horreek aitamenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu