EGAk kalidadea frogatu dau barriro be

Bizkaie! 2017-01-02 10:56   Euskerea berbagai

EGA da mundu mailan, eta euskerarako, kalidade maila hori autortua dauen ziurtagiri bakarra.

EGAk be gainditu dau bere azterketea. ALTE–Association of Language Testers in Europe alkarte europarrak Q kalidade-ikurra berretsi deutso Euskerearen Gaitasun Agiriari (EGAri), alkarte horren auditoretza zorrotza barriro gainditu ondoren. 2011n lortu eban ikur hori EGAk lehen aldiz, baina oraintsu auditoretzea barriro gaindituta, 2021era arte izango dau autorpena indarrean. Holan bada, EGA da mundu mailan, eta euskerarako, kalidade maila hori autortua dauen ziurtagiri bakarra.

Autorpen garrantzitsua da hau EGA azterketearentzat, ondo egindako lanaren autorpena. Honek esan nahi dau EGA ziurtagiria eskuratzeko gainditu beharreko azterketea, bere prozedura guztian, ondo diseinautako azterketea dala, hau da, neurtzen dauen C1 hizkuntza mailea ebaluetako egoki diseinautakoa, hasieratik amaierara ondo planifikauta helburu horretarako, arbitrariotasun guztiak albora itxita.

Ganera, frogatuta itxi dau EGAk ALTEren kalidade-parametroak beteten dituala eta alkartearen kide diran beste erakunde batzuen azterketen kalidade-mailea badauela, berbarako, Cambridg University-k egiten dauen Advanced azterketearena, edota GoetheInstitut-ek emoten dauen Goethe-Zertifikat C1 ziurtagiria lortzeko azterketearena.

ALTEren Q kalidade-ikurra lortu ahal izateko, alkarteak bere bazkideen lana ikuskatzen dau, ahalik eta azterketa ekitatiboenak egin deiezan, bakotxak dauen helbururako eta populazinorako. Bere bazkide diran erakundeen azterketen kalidadea neurtzeko, auditoretza-sistemea ezarria dauka alkarteak. Auditoretzan zehar, prozedurak zorrotzak dira eta zehetasun guztiei atentzino handiz erreparetan deutsee. Horretarako formulau ditu ALTEk erakundeek bete behar dituen gitxieneko baldintzak (Minimum Standards). Danetara, 17 estandar dira, bost ataletan antolaturik, eta guztiak bete behar dira azterketen kalidadea frogatzeko, eta EGAk egin dauen legez, Q kalidade-ikurra lortzeko.

Azterketen osogai guztiak hartzen ditue aintzat ikuskariek: azterketearen eraikuntzea (azterketearen oinarri teorikoa eta testuingurua, helburua, azterketearen materialak eta atazak, etab.), azterketa-eguneko prozedurak (azterketa-zentroak, segurtasuna, inprenta-lanak, etab.), probak zuzentzeko prozedurak (zuzenketa egokia eta fidagarria izan behar da eta baita aztertzaileak bere), hartu-emonak erabiltzaileakaz (informazinoa emotean, notak argitaratzean, desgaitasunak dituen azterketarien trataeran, etab.) eta, azkenik, prozesu osoa egokia dala frogatzeko egiten diran analisiak eta ikerketak.

ALTEko kide izanik, EGAk gitxieneko estandar horreek beteteko konpromisoa dauka eta horren arabera jokatzen dau deialdi guztietan. Horrezaz gan, ALTEren jokabide-kodea be bere egin dau EGAk, jokaera etikoa azterketearen ziklo osoan jagonez. ALTEko kide diran erakundeek erakutsi behar dabe oinarrizko kalidade mailara heltzeko eskatzen diran gitxieneko baldintzak beteteko kapaz dirala auditoretzea egiten daben lehen aldian. Baina hortik aurrera, hau da, bost urte geroago hurrengo auditoretzea dabenean, erakutsi beharko dabe lortutako maila horri eusteko baino gehiagorako be kapaz dirala.

Ezinbestekoa da azterketa-sistemea hobetzen jarraitzea, etenbarik; hobetzen segiduteko lan-filosofia eta konpromiso horri jarraituz, EGA azterketeak azken urteetan zenbait hobekuntza barruratu zituan lez (atariko proba laburragoa egiten da orain, 85 itemeko testa beharrean 65ekoa eginez; ahozko azterketak grabau egiten dira...), 2017 honetako deialdiek be badakarre barrikuntzarik: proba idatzia egiteko denpora-tartea luzeagoa izango da, hau dau, idazlan luzea eta laburra egiteko 10 minutu gehiago eskainiko dira.


ALTE eta Europako Erreferentzi Marco Bateratua

ALTE hizkuntza-gaitasuna aztertzen daben kideez osotutako Europako alkarte bat da. Bertan, EGA bezela, hizkuntzen azterketetan dabilzan erreferentziazko hainbat erakunde batzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako. Sortu zanean, 1989. urtean, 10 kide ziran. Gaur egun barriz, 22 herrialdetako 31 erakundek osotzen dabe. Europako 24 hizkuntza batzen ditu. Arreta berezia eskaintzen deutse ALTEk azterketearen erabiltzaileei eta agirien erabilgarritasunari, ebaluazinoa egokia eta justua izan daiten. Horrezaz gan, Europako Kontseiluaren Hizkuntza Politikarako Ataleko aholkularia be bada, hainbat proiektu bultzatuz.

EGA azterketea ALTE erakundearen kide da 2000 urtetik. Urtebete geroago, 2001ean, Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) onartu zan. Tresna horri esker, Europako hizkuntzak parametro konparagarrien arabera neurtu daitekez. EGA Marko Bateratuko C1 mailaren parekoa da, hau da, eraginkortasunez komuniketako kapaz dan erabiltzailearen mailea.


EGA: C1 mailea

EGA azterketea euskerazko hizkuntza gaitasuna neurtzen dauen azterketea da; eta bere helburua da ziurtatzea azterketea gainditzen dauenak, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, C1 mailari jagokon gaitasuna dauela euskeraz ahoz eta idatziz komuniketako. Horretarako, atariko probaz gan, proba idatzia eta ahozko probea egin behar ditu EGA azterketara aurkezten danak. 1982an sortu zanetik gaur arte, 110.500 lagiun inguruk gainditu dabe EGA azterketa EAEn.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu