'Mintzatu' aplikazinoaren erronkea 2017rako: Euskeraz berba egiten dogun lekuen barri emotea

Bizkaie! 2016-12-30 13:29   Euskerea berbagai

Azkue Fundazinoak sortu dau Mintzatu, eskuko telefonoetarako dobako aplikazinoa. Erabiltzaileek euskerea non erabilten daben esatea, zabaltzea eta partekatzea da asmoa. 2017an 5.000 leku identifikauta izan nahi ditue.

Euskerearen erabilerea areagotzeko tresnea da Mintzatu aplikazinoa. Berau elikatzeko, ahalik eta euskaldun gehienen laguntzinoa behar da, izan be, bakotxaren esperientziak jasoten ditu eta, jente askoren informazinoa batu ezkero, tresna eraginkorra izango da. Horregaitik, Azkuek dei egin deutsie herritarrei aplikazinoa jatsi eta erabilteko.

Erraza eta arina da Mintzatu erabiltea: Android zein iOS sistemetarako egokituta dago eta, beraz, plataforma bi horreetan deskargau leiteke, bakotxaren telefonoaren arabera. Doban da. Ondoren, erabiltzaile kontua sortu behar da. Euskeraz berba egiten dan lekuak etiketetea da aplikazinoaren funtsa: Lehendik sisteman identifikauta egon dan lekua bada, etiketeagaz nahikoa da eta leku barria bada, ostera, etiketa barria sortu leiteke.

Euskerea leku eta eremu guztietara zabaltzeko ekimena da Mintzatu, Azkue Fundazinoaren esanetan. Euskaldunen arteko benetako alkartrukea bultzatzeko, ahalik eta puntu gehien etiketetako deia egin dau fundazinoak. Guztion mesedetan, bakotxak egin leikean ekintza txikia da, dinoe Azkuekoek. Mugarik ez dago, munduko edozein lekutan egin leiteke berba euskeraz.

Erronkea bota deutse Azkuek erabiltzaileei, 2017a ate joka dogun honetan: Orain hasi eta urte guztian, baietz 5.000 leku identifikau eta etiketau. Asmo handiko helburua da hori, baina hango eta hemengo euskaldunak hasi dira parte hartzen eta helburua beteteko bidea zabaldu da. Azkue Fundazinoak egindako azken zenbaketearen arabera, 3.000 leku baino gehiago dagoz etiketauta dagoeneko.

Kanpainea ipini dau martxan Azkuek Mintzatu-ren barri emon eta jentea animetako. Zer deritzozu erronka baten alkarregaz parte hartzeari? galderea da kanpainearen ardatza. Ganera, aplikazino erraza dan arren, erabilten ikasteko tailerrak antolatuko ditu fundazinoak, aplikazinoari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Ikusi kanpainearen bideoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu