Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' amharera hizkuntzara itzuli dabe

Bizkaie! 2016-12-29 10:19   Kulturea

Etiopiako eta Afrika ekialdeko hizkuntza nagusietako bat da amharera. Ermyas Belay izan da itzultzailea, Etxepare Institutuak zabaldu dauenez.

Amharerazko edizinoa (argazkia: Etxepare Institutua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko literaturearen ordezkari ezagunenetako bat da Obabakoak liburua. Bernardo Atxagak 1988an idatzi eban eta errekonozimendu zabala lortu eban berehala. Espainiako Narratiba Saria irabazi eban, besteak beste. Euskal letretan mugarria dan ezkero eta adituen zein irakurleen onespena dituan ezkero, hogei hizkuntza baino gehiagotara itzuli da Obabakoak, eta aurrerantzean beste bat gehitu ahal izango da zerrendara: amharera.

Hizkuntza semitikoen familiakoa da amharera, arabieraren moduan, eta Etiopia ipar-erdialdea da bere jatorrizko lurraldea. 36 miloe lagunen ama-hizkuntzea da eta beste askok be ezagutzen dabe. Izan be, Etiopiako hizkuntza ofiziala da. Etiopiako hizkuntzentzat beren-beregi sortutako silabario batez idazten da amharera, Obabakoak liburuaren itzulpenean ikusten danez.

Hohe Publisher argitaletxearen eskutik plazaratu da Obabakoak Etiopiako hizkuntzarik handienean, Etxepare Euskal Institutuak zabaldu dituan datuen arabera (Etxepare Institutuak berak argitalpenean lagundu dau). Ermyas Belay izan da itzultzailea.

Itzulpena eskuragarri daukie dagoeneko Etiopiako irakurleek. Bernardo Atxagak Obaba fikzinozko herriaren inguruan sortutako uniberso magikoa euren hizkuntzan ezagutu ahal izango dabe Afrikako herrialde haretan. Kontinenteko herrialde jentetsuenetatik bigarrena da, 100 miloe biztanle ingurugaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu