Aristotelesen 'Politika' liburua euskeratu dau Iñaki Usabiagak
2016-12-21 09:14 Euskerea berbagaiGreziera klasikotik itzuli dau Usabiagak Kristo aurreko 4. mendeko lan hori. EHUk argitaratu dau liburuaren euskerazko bersinoa.
Politikearen eta politikari lotutako teoriaren oinarritzat joten da Aristoteles pentsalari eta filosofo greziarrak (K.a. 384-322) idatzitako Politika. Iñaki Usabiaga itzultzaileak adierazo dauenez, gaurkotasunik galdu ez dauen obra klasikoa da, oinarri-oinarrizko liburua. Aristotelesen sasoian egozan gobernu klaseak zehatz azaltzen dira liburu horretan (jatorrizkoan zortzi liburuki dira), eta gaur egun oraindino erabilten diran kontzeptu batzuk orduan agertu ziran lehenengoz.
Halako obra funtsezko bat euskeraz egotea beharrezkoa dala uste dau Usabiagak. Horregaitik, hiru urteko lana hartu dau Politika euskerara ekarteko. Berbaz berba egindako itzulpena izan dala dino. EHUren Limes bildumearen barruan argitaratu dau. Pentsalari handien lanak batzea da bilduma horren helburua eta, Aristotelesen hau plazaratu ondoren, David Hume ingelesaren obrea argitaratuko da, datorren urtean.
Greziera klasikotik zuzenean euskeratu dau Politika Usabiagak, zubi-hizkuntzarik erabili barik. Bere sasoiko eta osteko gobernuetan oinarrizko diran kontzpetu asko agiri dira lehenengoz Aristotelesen Politika-n, baita urte batzuk lehenago Platonek idatzitako Politeia-n be, Iñaki Usabiagak azaldu dauenez. Gizartean oinarrizko diran kontzeptu horreek euskerara ahalik eta modurik zehatzenean ekartea izan dau zeregin nagusia, itzultzaileak azpimarratu dauenez.
Orain dala ia 2.500 urte idatzitako liburua izanik, ahalik eta zehatzen itzuli dau Usabiagak, baina kontestua emoteko giltzarri batzuk be sartu ditu. Batetik, hitzaurrean, Aristotelesen sasoiko testuingurua azaldu dau. Bestetik, liburuan agiri diran kontzeptuen inguruko azalpenak topauko ditu irakurleak.
Leioako kanpusean aurkeztu dabe Politika euskeraz. Ekitaldian egon dira, Iñaki Usabiaga itzultzaileagaz batera, Jon Zarate euskera errektoreordea, Maite Insausti kanpuseko euskera zuzendaria, Esteban Antxustegi filosofia politikoko irakaslea eta Iñaki Barcena zientzia politikoetako irakaslea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!