52 enpresak jaso dabe euskerea euren funtzionamenduan txertatu dabela ziurtatzen dauen Bikain autorpena

Bizkaie! 2016-12-20 09:36   Euskerea berbagai

58.466 behargin inguruk behar egiten dabe Bikain ziurtagiria daben 313 enpresetan. Alde horretatik, ganera, aurrerapausu nabarmena emon da aurten, ziurtagiria eskuratu daben 52 enpresa horreek 21.490 behargin gehitzen dituelako.

Bikain Euskerearen Kalidade Ziurtagiriak banatu ditu bart Iñigo Urkullu Lehendakariak Donostiako Kursaalean, hainbat enpresaren euskerearen aldeko apustua aintzat hartuta. Aurten 52 enpresek jaso dabe euskerearen presentzia, erabilera eta kudeaketearen kalidadea autortzen dauen ziurtagiri hau; 19 erakundek urrezko Bikain, 22k tartekoa dan zilarrezko ziurtagiria eta 11k oinarrizko maileari jagokona. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiria, Hizkuntza Politikako Sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko Presidente Roberto Larrañaga be izan dira ekitaldi honetan. Aurtengo ziurtagiri barri horreek kontuan hartuta, 313 enpresa dira 2008tik autorpen hau jaso dabenak.

Ehunka lagun batu dira eta horreetako asko Bikain ziurtagiria jaso barri daben enpresetako kideak izan dira, Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aintzatespena jaso dabenak. Ziurtagirien banaketan Bikain Ebaluatzaileen Klubeko hainbat kide be izan dira eta eurei egokitu jake kanpo-ebaluazinoa egiteko ardurea eta eurak dira proiektu honen zutabeetako bat. Aurten 190 kide izan dira ebaluatze lanetan, inoizko zenbatekorik handiena; igaz baino 31 gehiago eta proiektu honen hasierako urteetakoen batez bestekoaren bikotxa. Guzti-guztiek musutruk egiten dabe lan eta dagoeneko badira 556 partaide Ebaluatzaileen Klubean.

Bikain ziurtagiria jasoten daben enpresak be gero eta gehiago dira. Zenbakiek argi erakusten dabe ziurtagiriok erreferentzia dirala enpresen euskerearen aldeko apustua neurtzeko. Azken bi urteotan 117 erakundek lortu dabe autorpena eta jokerea goranzkoa da, izan be, ziurtagirien lehen urteetako batez besteko enpresa kopurua biderkatzen doa: lehen urtean 8 izan ziran agiria lortu ebenak, 2012an, 29 erakunde gehitu ziran eta 2014 beste 39.

Danetara, 58.466 behargin inguruk behar egiten dabe Bikain ziurtagiria daben 313 enpresetan. Alde horretatik, ganera, aurrerapausu nabarmena emon da aurten, ziurtagiria eskuratu daben 52 enpresa horreek 21.490 behargin gehitzen dituelako.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu dauenez, Ziurtagiria jaso dozuen 52 enpresa eta erakundeetan, guztira 21.500 personek lan egiten dozue. Aurreko 8 urteetan, batez beste, 4.400 langile inguru batzen zituen Bikain eskuratzen eben enpresek, salto garbia da, barri pozgarria.

Patxi Batzarrika sailburuordea be pozik azaldu da emoitzakaz: Aurten 52 enpresa eta erakundek jasoko dozue Bikain ziurtagiria. Aurten, gainera, Bikainen ibilbidean ezagutu dogun langile kopururik handiena batzen dozuez 52 enpresa eta erakundeok. Hau goraka doa: urtetik urtera handiagoa da ziurtagiri publiko honen eragina euskal gizartean, 2008an Bikain ziurtagiriak sortu ziranetik, 313 ziurtagiri emon doguz. Eskerrik asko zuoi guztioi, eta eskerrik asko, bihotzez, Bikain Ebaluatzailearen Kluba osotzen dozuen 550 adituei, eta oso beren-beregi aurten ebaluatzaile lanean ibili zarien lagunei. Ezinbestekoa da zuon lana. Eta eskerrik asko, baita bere, Euskalit Fundazinoari; bere lankidetzea behar-beharrezkoa baita', gehitu dau Baztarrikak.

Kursaalean ziurtagiria jaso daben enpresen artean badagoz erakunde bi (Berrizko eta Elgoibarko udalak) zein Osakidetzako hainbat unitate, baita arlo guztietako enpresak be: industria nahiz zerbitzuetakoak, garraioetakoak, hezkuntzakoak... Aurten ziurtagiria irbazi daben enpresen % 12 'finantzak eta beste enpresa jarduerak' arlokoak dira, % 9 hezkuntzearen mundukoak eta % 8 osasunaren arlokoak. Beste esparruetakoak holan banatzen dira: kulturea, % 6; ‘garraioa eta merkataritza’, %6; gizarte-zerbitzuak, %5; industria, %5; eta administrazinoa, %2. Beraz, enpresen profila guztiz anitza da, eta Laboral Kutxa, Puntueus Fundazinoa edota Guggenheim Bilbao Museoa lako erakundeak badagoz tartean. Horreek
guztiek egiaztatu dabe euskerea txertatua dabela euren eguneroko jardueran eta kudeaketan.

Hiru maila hartzen ditu bere barruan Bikain ziurtagirien proiektuak: oinarrizkoa (200 puntu gitxienez); tarteko mailea edo zilarrezkoa (400 puntu gitxienez) eta goi mailea edo urrezkoa (700 puntu gitxienez). Enpresek egin daben ebaluazino horretan EMEk (Erreferentzia Marko Estandarrak) zehaztutako alorretan euskerearen presentzia, erabilerea eta, oro har, kudeaketea neurtzen dira. Ebaluetan diran alorrak ondokoak dira: Erakundearen komunikazinoa eta irudi korporatiboa, kanpo zein barruko hartu-emonak eta hizkuntza kudeaketea.

Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea batzordeburu dala, EAEko enpresarien alkarteak (CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI), Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoa, hiru foru aldundiak, Euskalit, Euskaltzaindia eta EUDEL batzen dira.

Iñigo Urkullu Lehendakariak aurrerapausuak emoten jarraitzeko deia eginez amaitu dau bere berbaldia: Euskerea erabilteko plaza bat eskaini eta proponiduten deusku Euskerearen Txantxangorriak. Zuek paparretik lantokira eroan dozue Txantxangorria, eta ezin hobeto hauspotu dozue bere hegaldia. Emon hegoak euskereari, baita enpresetan bere!.

Bikain Euskerearen Kalidade Ziurtagiriak jaso dituen enpresa eta erakundeak ikusteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu